Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekopol ikerketa taldeko kideek abiadura handiko trenaren (AHT) euskal Y-aren bizi zikloaren azterketa egin dute linea horrek bere bizitza erabilgarri osoan izango duen ingurumen portaera ebaluatzeko, eta, besteak beste, ondorioztatu dute linearen eraikuntza eta mantentze lanek "ezbaian" jartzen dutela emisio murrizketa eta energia kontsumoa.
EHUko iturriek jakinarazi duetnez, Ekopol taldearen ikerketaren emaitzen arabera, AHTren linea horrek "ez du nahikoa ahalmen izango klima aldaketa arintzeko eta energia kontsumoa eta beste ingurumen inpaktu batzuk murrizteko".
"Askotan, ez dira kontuan hartzen azpiegiturak eraikitzeak eragiten dituen ingurumen kargak. Esan ohi da AHTak ingurumen kargak murriztuko dituela, trena elektrikoa delako, baina ez da kontuan hartzen eraikitzeko fasean sortzen diren karga guztiak", adierazi du Andoni Kortazar EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko irakasleak.
Horrela, azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen diren lehengaiak eskuratzeko unetik bertatik proiektua amaitzen den arteko inpaktu guztiak zenbatetsi dituzte ikerketan, hala nola meategien ustiaketa, eraikuntza fasea, mantentze lanak edota operazio fase osoa. "Bizi ziklo osoa hartu dugu kontuan", gaineratu du.
Euskal Y-ak energia kontsumoa murrizten, klima aldaketa arintzen eta Europako Batasunak ezarritako emisio helburuak betetzen lagundu dezakeen egiaztatzeko, Ekopol ikerketa taldea eskura dauden azken datu eguneratuetan oinarritu da.
"Proiektuaren trazadura osoa aztertu dugu, metroz metro. Besteak beste, tunelen eta biaduktuen luzerak neurtu eta dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu, eta, bestalde, operaziorako administrazioak, Adifek eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten garraio estimazioei ere dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu. Hala, jakin ahal izan dugu proiektu honek zenbat urte beharko lituzkeen ingurumen onurak eragiteko", azaldu du ikertzaileak.
Bada, emaitzek erakutsi dutenez, eraikuntza fasean eragindako inpaktuak AHTaren beste linea batzuen aldean oso gainetik daude, batetik, eskualdearen orografia menditsuaren ondorioz, baliabide eta energia kontsumo handiagoa behar duten azpiegitura konplexuagoak eraiki behar baitira, eta, bestetik, garraio eskari baxuagatik.