Síguenos en redes sociales:

Euskararen aurkako azken epaiak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak langileen eta herritarren eskubideen aldeko protesta bilkura antolatu dute Bilbon gaur,

Euskararen aurkako azken epaiak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaurUtzitakoa

ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak langileen eta herritarren eskubideen aldeko protesta bilkura antolatu dute Bilbon gaur, martxoaren 6an, euskararen aurkako azken epaien aurrean, eta parte hartzera deia egin diete hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten gizarte eragile, alderdi politiko, sindikatu eta norbanako guztiei.

Euskalgintzaren Kontseilutik gogorarazi dutenez, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 3 eta 6 zenbakidun epaitegiek Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu dituzte, euskararen ezagutza eskatzea "diskriminatzailea" dela iritzita. Epaiak lanpostuen esleipena amaitzear zegoenean heldu dira, "lanpostu publikoa eskuratzera zihoazen 200dik gora langileren etorkizuna kolokan jarriz".

Epaiak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak, eta "oso kezkagarritzat" jo du lanpostu publikoetan bi hizkuntza ofizialetako baten ezagutza eskatzea "diskriminatzailea" dela baieztatzea, "orain arteko sententzien soka beretik, beti euskararen aurka".

"Horretarako, gainera, argudio bezala hautagai euskaldunen eta gaztelaniadun elebakarren proportzioak kontrajarri ditu, aintzat hartu gabe euskaldun guztiek gaztelania ere ezagutzen dutela eta bi hizkuntzetan lan egin eta harremana bermatzeko gai direla, euskara ezagutzen ez duten elebakarrek ez bezala", azaldu dute.

Gainera, Euskalgintzaren Kontseilutik salatu dute epaileek "euskararen normalizazio prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren bidez garatzen joan den jurisprudentzia berria" darabiltela argudio gisara, hain zuzen, Gipuzkoako Uliazpi fundazioaren aurkako sententzia (errekurrituta dagoena) eta Irungo Udaltzaingoaren deialdiaren aurkakoa, oraindik irmoak izan ez arren.

"Azkenaldiko sententziek orain arteko hizkuntza politikaren doktrina aldaketa ezarri dutela agerian uzten dute, oraindik irmoak izan ez arren, ekintza burutuen politika ezarriz", ohartarazi dute.

Ildo horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak berriro defendatu du "badela garaia hizkuntza eskakizunen eta derrigortasun indizearen eskema gainditzeko".

Azaldu duenez, 2022an, euskal gehiengo sindikalarekin batera EAEko administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamen zehatz eta egingarri bat aurkeztu zuen, baina, hala ere, pasa den astean onartu zen dekretu berriak "ez du jasotzen euskararen normalizazioan jauzia emateko bokaziorik, eta, are, oldarraldi judizialak ezarritako mugak islatzen ditu eta ez du honen aurrean babes juridiko nahikorik bermatzen". Horregatik "aukera galdutzat" jo zuten hainbat eragilek, Kontseiluak tartean.