Bizkaiko Foru Aldundiak martxoaren 8an irekiko ditu berriro Gaztelugatxeko San Joaneko irlatxorako sarbideak, inguruaren segurtasuna hobetzeko obra gehienak amaitu ondoren. Orain lan txikiak egingo dira bertan, 2021eko urtarrilean izandako luiziak kaltetutako segurtasun hesiak amaitzeko.

Foru erakundeak iragarri duenez, uhartetxora iristen den bidearen azken tartea hesi batzuekin balizatuta egongo da aldi baterako, oinezkoentzako pasabidea ahalbidetzeko eta erremate horiek egingo diren ezpondatik hurbilen dagoen eremua babesteko.

Oro har, Bizkaiko Aldundiak 915.536,96 euroko inbertsioa egin du obretan. Helburua izan da Gaztelugatxe bisitatzen duten pertsonen eta inguruan etengabe lan egiten duten langileen segurtasuna hobetzea.

Aurrekontuaren zatirik handiena -407.144,59 euro, BEZ barne-, uhartetxora iristeko eskaileren hainbat tarte birgaitzeko erabili da. Lan horiek diseinatzeko ingurunean integratzeko alderdi estetikoak hartu dira kontuan eta tokiko materialak erabili dira inguru osoaren irudia kontserba dadin.

Lan horietan, besteak beste, hormen behealdean antzemandako zuloak konpondu dira, horma horiek zaharberritu dira osatzen dituzten harlangaitzak birjarriz, baselizatik hurbilen dagoen gunean dagoen arrakala konpondu da, eta hainbat lekutan horma goratu da Gaztelugatxeko San Joanera iristen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko egokitzat jotzen den gutxieneko garaierara hel dadin.

Beste 508.392,37 euro (BEZ barne), 2021eko lur jausiak kaltetutako eremuan bidea egonkortzeko lanetan inbertitu dira. Luiziak eragin larria izan zuen uhartetxora iristeko bidean, eta orain arte trafikoa oso mugatuta egon da, iristeko baldintzak ez baitziren egokiak.

Ondorioz, lurraren egonkortasuna bermatzeko eta lur jausiak saihesteko lan egitea erabaki zen, aldi berean zerbitzuko ibilgailuen irisgarritasuna bermatuz, oraingoan mendi hegalaren behealdetik. Egonkortze lanei ekin aurretik lan osagarriak egin ziren: aldi baterako euste sistemak jarri ziren luiziaren ondoren sortutako lur erauzketa berriaren gainean, obran parte hartzen duten langileek segurtasunez erabili ahal izan zezaten sarbidea.

Behin zeregin horiek amaituta, bidea egonkortu egin zen mikropilotezko pantaila bat instalatuz; pantaila hori mikropiloteen bi ilarek eta hormigoi armatuzko habe handi batek eusten dion lurzoruari ainguratzeko hirugarren ilarak osatzen dute. Jarduketa hauek guztiak ezpondaren kontrol topografiko zorrotzaren pean egin dira, obren ardura duten langileen segurtasuna bermatzeko.