Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Makina Erremintaren Institutuko (IMH) Ingeniaritza Dualeko Eskolak atxikipen hitzarmena berritu dute, 12 urtetik gorako lankidetza indartuz eta jarraitasuna emanez. Lankidetza horretan, bi erakundeak "aitzindariak eta erreferenteak" izan dira unibertsitateko prestakuntza dualean, eta prestakuntza eskaintza "berritzailea eta abangoardiakoa" eskaini dute, bi aldeek nabarmendu dutenez.

Laura Vozmediano EHUko Gradu eta Hezkuntza Berrikuntzako errektoreordeak eta Ixaka Egurbide IMHko Ingeniaritza Dualeko Eskolako zuzendariak izenpetu dute bi erakundeen arteko akordio berria.

EHUk eta IMHko Ingeniaritza Dualeko Eskolak hezkuntza kalitatearekiko, ikerketa aplikatuarekiko eta garapen teknologikoarekiko konpromisoa partekatzen dute. Hitzarmena "aurrerapausoa" da ikasleentzat aukerak sortzeko eta mundu akademiko eta industrialen artean lotura sendoak ezartzeko, horrela hazkunde ekonomikoa eta berrikuntza bultzatzen direlako sektorean.

Hitzarmena berritzeak Debabarreneko unibertsitate eskaintza indartuko du eta lankidetza esparruak sustatukon ditu prestakuntza dualean, Lanbide Heziketa-Unibertsitatea harremanean eta etengabeko prestakuntzan, eskualde garapenari eta lurralde orekari lagunduz. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria garapenean garrantzi handia duten makina erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren sektoreetan unibertsitateko hezkuntza eskaintza indartzea da lankidetzaren ardatza.

Vozmedianok adierazi duenez "Elgoibarko Ingeniaritza Dualeko Eskola zentro atxiki gisa jarraituz, EHUk Estatu osoko gradu eta master dual aitzindariak eskaintzen jarraituko du, bikaintasun akademikoa eta industriara bideratutako prestakuntza praktikoa uztartzen dituztenak".

Halaber, nabarmendu du lankidetzan jarraituko dutela 'Lanbide Prestakuntza-Unibertsitatea' prestakuntza ibilbideetan, eta arlo horretan prestakuntza berria jarriko dela abian datozen hilabeteetan. "Pozgarria da gure aliantzarekin jarraitzea, garapen teknologikoaren eta eskualdeko berrikuntzaren aldeko apustua eginez, ikasleei, profesionalei eta, oro har, industria sektoreari mesede eginez", gaineratu du.

Bestalde, Egurbidek azaldu du hitzarmenean jasotako prestakuntza eskaintzak barne hartzen dituela Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Ingeniaritzako Gradua eta Fabrikazio Digitaleko / Master in Digital Manufacturing unibertsitate masterra, biak ala unibertsitate ikasketa ofizialak.

"Gainera, etengabeko eta bizitza osoko prestakuntza programak eskainiko dira, industria sektorearen premiei erantzuteko diseinatuak, bereziki fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren esparruan, eta horren adibide da Fabrikazio Aditiboko unibertsitate espezializazioa", zehaztu du.