Bookstart Euskadi-Araba 0 eta 3 urte arteko neska-mutilei eta bere familiei zuzenduta dagoen eta irakurketa sustatzea helburu duen programa unibertsala da. Horren xedea da txiki-txikitatik liburuekiko, abestiekiko eta errimekiko maitasuna hedatzea.

Zehazki, Udalaren bost Haur Eskoletako familia guztiei liburuen pakete bana (liburupack) emango zaie doan. Gainera, premia bereziak dituzten neska-mutilentzako packak diseinatu dituzte. Aurtengo edizioan, 375 liburupack banatuko dituzte. Pack horiek hiru ipuin dituzte: bat euskaraz, ‘Gabon, baserriko lagunok!’; beste bat gaztelaniaz, ‘¿Quién está durmiendo?’; hirugarrena ingelesez, ‘When the sun goes down’; eta errimen orri bat. Aste honetan bertan hasiko dira packak banatzen.

Gainera, programa osatzeko, eskola bakoitzean irakurketa sustatzeko jarduera bat egingo da: Liburu Baby Kluba ekintzak. Topaketa ludikoak, didaktikoak eta doakoak dira, eta literaturarekiko, musikarekiko, artearekiko eta naturarekiko interesa sustatzea dute xede. Udalaren Haur Eskoletan egiten dira eta familiak txikiekin batera joaten dira ipuinez eta abestiez gozatzera. Hala, seme-alaben arreta erakarriz, ipuin horiek eta beste hainbat istorio modu errazean nola kontatu ikas dezakete. Hitzorduak honako hauek izango dira: urtarrilaren 17ko 16:00etan Haurtzaron, urtarrilaren 22an Lourdes Lejarretan, hilaren 24an Sansomendin, urtarrilaren 29an Zabalganan eta urtarrilaren 31n Zaramagan.

Programarekin lotutako azken ekintzak gurasoentzako eta tutoreentzako bi hitzaldi dira. Horien bidez, bizitzako lehen unetik irakurketarekiko interesa pizteak duen garrantziari buruzko informazioa eskaini nahi da.

“Nazioarteko ikerketek agerian utzi dute liburuak, errimak, abestiak eta jolasak modu goiztiarrean sartzeak eta gurasoekin eta tutoreekin partekatutako elkarrekintza bultzatzeak hezkuntza, kultura, gizarte eta emozio mailako onurak sortzen dituela. Gainera, inpaktu positiboa du garapen kognitiboan eta linguistikoan, jakin-mina sustatzen du eta bizitza osoan zeharreko ikasketarako sortzetiko gaitasuna garatzen laguntzen du”, azaldu du Kultura eta Hezkuntza arloko zinegotzi Sonia Díaz de Corcuerak.