UPV/EHUko Ikerbasque irakasle batek egindako azterlan baten arabera, matematikak aukera ematen du onkologiako ikuspegi teoriko berri bat babesteko, giltzurruneko kartzinomaren bi aldeko zelula-elkarreraginak aztertu dituen ikerketa baten bidez.

Annick Laruelle ikerketa egin duen ikertzaileak jokoen teoria erabili du, zelula-heterogeneotasun txikiagoa duten tumoreak agresiboagoak direla eta matematika, histopatologia eta genomika bat datozela egiaztatzeko, zelula argi agresiboagoen giltzurrun-kartzinomek zelula mota gutxiago dituztela.

Hala, Laruelle-ek, belatz-uso jokoa erabiliz, frogatu du tumore barneko heterogeneotasunaren funtsetako batzuk, histopatologiaren eta genomikaren ikuspegitik berretsiak, matematikan oinarritzen direla. Ikerbasque ikertzaileak Trends in Cancer aldizkarian argitaratu du lana, Biocruceseko, Turingo San Giovanni Bosco Ospitaleko eta Rio de Janeiroko Pontificia Unibersidade Catolicako ikertzaileekin lankidetzan egina.

Ikertaldearen ustez, “bata bestetik oso ezberdinak diren diziplinetatik lortutako aurkikuntzen konbergentzia horrek indartu egiten du medikuntza modernoan ikerkuntza translazionalak duen funtsezko eginkizuna, eta tumore barneko heterogeneotasunari leku nagusia ematen dio estrategia terapeutiko berrien ikuspegian”; gainera, badute susmo bat: “tumore barneko heterogeneotasunak bide berberei jarraituz jokatzen duela beste tumore askotan”.

Gai horrek ondorio praktiko garrantzitsuak izan ditzake tumore gaiztoen tratamendu klinikoan. Molekula berriak etengabe iristeak aberastu egiten ditu minbizia tratatzeko aukerak, doitasunezko onkologiaren garai honetan. Hala ere, ikertzaileek diote gauza bat dela “molekula berri bat deskubritzea, eta beste bat hura erabiltzeko estrategiarik onena aurkitzea. Orain arte, pazienteari gehieneko dosi onargarria ematean oinarritzen da proposatutako ikuspegia. Hala ere, estrategia horrek erresistentziak lehenbailehen garatzera behartzen ditu tumore-zelulak, eta, era horretan, zelula erresistentez soilik osatutako tumore barruko heterogeneotasun txikiko neoplasia bihurtzen da jatorrizko tumorea”.