Síguenos en redes sociales:

Ertzaintzak Bidasoaldeko animalia-aterpetxe bat ikuskatu du eta eginbideak ireki ditu zenbait anomalia antzeman ondoren

Ertzaintzak Bidasoaldeko animalia-aterpetxe bat ikuskatu du eta eginbideak ireki ditu zenbait anomalia antzeman ondorenUtzitakoa

Ertzaintzak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera egindako ikuskapen baten ondoren, Bidasoaldean dagoen animalia-aterpetxe baten arduradunak izan diren bi pertsona ikertu ditu eta eginbideak ireki ditu. Animalien kontrako tratu txarren esparruko ikerketak, “Bizirik” izeneko operatiboak, hainbat udali zerbitzua ematen dien zentro horretako baldintzak hobetzeko aukera eman du.

Ikerketa urrian hasi zuten, elkarte animalista batek, Animalien ongizateari buruzko lege berria, 2023ko irailaren 29koa, ezarriz, Bidasoaldeko aterpetxe batean, bertako instalazioei eta animalien kokapenari eta ematen zitzaien tratuari dagokienez, hautemandako baldintza txarren berri Ertzaintzari eman zionean. Azaroan, aterpetxeko animaliak zaintzen dituzten boluntarioen plataformak salaketa batzuk jarri zituen Ertzaintzan eta beste erakunde batzuetan, agintariei neurriak hartzeko eskatuz.  

Irungo Ertzain-etxeak, Ertzaintzako Ingurumenaren eta Hirigintzaren aurkako Delituen Atal Nagusiaren laguntzaz, ikerketa egiteko beharrezko mekanismoak jarri zituen abian. Horretarako, elkarlanean jardun behar izan da foru- eta toki-administrazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuaren, Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistroaren (REGIA), Uraren Euskal Agentziaren (URA), Hondarribiko Udaltzaingoaren eta inguruko bi albaitaritza-klinikaren laguntza izan da.

Joan den abenduaren 5ean, polizia-ikuskapen teknikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko albaitarien ikuskapena egin zituzten. Ikuskapen horretan berehalako neurriak hartu zituzten, besteak beste, artatutako katu guztiak birkokatzekoa eta txakurretako bati mediku-arreta pertsonalizatua ematekoa. Bildutako datuak kontuan hartuta, URAri txostena eskatu zitzaion gorozkien, lixibiatuen eta garbiketako eta desinfekzioko prozesuetako gainerako likidoen kudeaketari buruzko zalantzak argitzeko.

Egindako jarduerei esker, beharrezko zainketak hobetu ahal izan dira, baldintza higieniko-sanitarioak optimizatuz, animaliak babesteko aterpea egokituz eta beharrezko albaitaritza-tratamenduak emanez.

Irungo Ertzain-etxeak kasuaz arduratu den Irungo 3. Instrukzio Epaitegira eta Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzara bidali ditu orain arte gauzatutako eginbideak.