2022ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Ginea-Bissauko Osasun Publikoko Ministerioak eta AIDA elkarteak Ginea-Bissau Euskadi Osasun programa abiarazi zuten. Orain arte, osasuneko 30 profesionalek parte hartu dute, gehienak Osakidetzakoak. Langileen artean daude familia eta komunitate medikuntzan, barne-medikuntzan, anestesian, erizaintzan, kirurgian, mikrobiologian eta osasun-kudeaketan espezialistak, besteak beste.

Epe luzerako programa da, eta osasun-arloko sei profesionalez osatutako talde batek etengabe laguntzen die Simão Mendes Ospitale nazionaleko langileei. Horregatik guztiagatik, egun, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako profesionalen parte-hartzea bilatzen du. Horiek aukera izango dute hilabete batzuetan Ginea-Bissauko ospitalean lan egiteko, Euskadiko baldintza soziolaboral berberetan. Parte-hartzaile berriak erakartzeko asmoz, programak kanpaina bat abiarazi du, bereziki erizaintzako eta laborategiko langileentzat zuzendua, premiazko espezialitateak baitira.

Lehen urteko lorpenak

Programa abian jarri zenetik, osasun-langileek ospitaleko profesionalei lagundu diete egunero barne-medikuntzan, larrialdietan, erizaintzan, kirurgian, anestesian eta laborategian, bai eta ospitalearen kudeaketan ere.

Aldi horretan, tokiko profesionalek eta atzerriratuek osatutako taldeek asistentziaren kalitatea hobetu dute, eta jarraibideak eta errutinak ezarri dituzte ospitaleratze-solairuetan, larrialdietan, ebakuntza-geletan eta gaixotasunetan espezializatutako kontsultetan, hala nola diabetesa, hipertentsio arteriala, asma eta gaixotasun arrunten tratamendua.

Era berean, osasun-kooperanteek lagundu dute bisitak antolatzen edo plangintza kirurgikoa egiten. Gainera, langileen gaitasunak hobetu dituzte, bai prestakuntzaren bidez, eta baita eguneroko jardueran laguntzen ere.

Emandako pausoez gain, ekimena hasi zenetik lau adingabe eraman dituzte Gurutzetako Ospitalera, hiru kardiopatiarekin eta bat estenosi esofagiko batekin. Xedea da Ginea-Bissaun eskuragarri ez dauden tratamenduak eskaintzea, gerora bizitza luzea eta kalitatezkoa izateko aukera ematen duten gaixotasunentzat. 

Erakundeen arteko kolaborazioa

Ekimen hau 2030 Agendaren lehentasunen euskal programaren proiektu adierazgarri bat da, eta Eusko Jaurlaritzak politiken koherentziaren eta garapenenerako lankidetzaren erantzukidetasunaren alde egindako apustuari erantzuten dio, Jaurlaritzako beste sailetan eta askotariko eragileekin.