Eustatek landutako datuen arabera, Europako berrikuntzako adierazleen panelak —European Innovation Scoreboard EIS 2023— 0,601eko balioa lortu du Euskal AEn, hau da, EB-27 osoan lortutakoa (0,548) baino handiagoa, ‘Esparru-baldintzak’ eta ‘Inbertsioak’ blokeetan lortutako puntuazio onen ondorioz (0,683 eta 0,666, hurrenez hurren).

Datu horrekin, Euskal AE herrialde berritzaile sendoen taldearen mailan kokatu da, EB-27koaren % 100etik % 125era bitarteko batezbestekoa lortu baitu. Bestalde, Espainia herrialde berritzaile moderatuen taldean kokatu da, 0,489ko balioarekin (Europako batezbestekoaren % 89,2).

Europako berrikuntzako adierazleen panelaren —EIS 2023— bidez, herrialdeetako ekonomiek berrikuntza-jarduerak egiteko zenbateko ahalmena duten eta zer mailatan garatzen dituzten neurtu nahi da. Lau jarduera-bloke nagusitan egituratuta dago. Bloke horietan, guztira 32 adierazle jasotzen dituzten 12 berrikuntza-dimentsio lantzen dira. Lortutako puntuazioaren eta Europako batezbestekoarekin alderatuta duten posizioaren arabera, EB-27ko herrialdeak lau kategoriatan banatuta daude: berrikuntzan liderrak diren herrialdeak, herrialde berritzaile sendoak, herrialde berritzaile moderatuak eta garabidean dauden herrialde berritzaileak.

Bestalde, EISa etengabe berrikusketa egiten zaion adierazle-panel bat da. Urtero aldaketak egiten dira, bai osatzen duten adierazleetan, bai kalkulatzeko formulan. Aldaketa horiek direla eta, ezin da alderaketarik egin aurreko urteetan argitaratutako EISekin. EIS bakoitzean, zortzi urterako datuak ematen dira (2016-2023 aldikoak EIS 2023aren kasuan), eskuragarri dauden azken datuak erabilita.

Lehen kategorian (berrikuntzan liderrak diren herrialdeak), Europar Batasuneko batezbestekoaren % 125etik gorako puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta bost dira: Danimarka (0,753), Suedia (0,737), Finlandia (0,735), Herbehereak (0,705) eta Belgika (0,689). Nolanahi ere, Europan berrikuntzan lehen postuan dagoen herrialdea Suitza da (0,764).

Bigarren taldean (herrialde berritzaile sendoak), batezbestekoaren % 100etik % 125era bitarteko puntuazioa lortu duten herrialdeak daude. Talde horren barruan, sei herrialde daude: Austria (0,656), Alemania (0,645), Luxenburgo (0,642), Irlanda (0,634), Zipre (0,577) eta Frantzia (0,577). Euskal AEk 0,601eko puntuazioa lortu du, eta, beraz, talde horren mailan kokatu da, Irlandaren eta Zipreren artean, EB-27ko batezbestekoaren % 109,7ra iritsi baita.

Ondoren, hirugarren taldean (herrialde berritzaile moderatuak) batezbestekoaren % 70etik % 100era bitarteko puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta hamar dira; puntuazio-ordenaren arabera: Estonia, Eslovenia, Txekia, Italia, Espainia, Malta, Portugal, Lituania, Grezia eta Hungaria. Puntuaziorik handiena Estoniak lortu du (0,540), eta txikiena, berriz, Hungariak (0,385).

Azkenik, laugarren taldean (garabidean dauden herrialde berritzaileak) batezbestekoaren % 70etik beherako puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta sei dira. Beheranzko ordenan: Kroazia, Eslovakia, Polonia, Letonia, Bulgaria eta Errumania. Lehenak 0,381eko puntuazioa lortu du, eta azkenak, berriz, 0,181ekoa.

Ildo horretan, Euskal AE bi bloketan nabarmendu da Europako batezbestekoarekin alderatuta, hain zuzen ere ‘ESPARRU-BALDINTZAK’ eta ‘INBERTSIOAK’ blokeetan.

Lehen blokean (‘ESPARRU-BALDINTZAK’), enpresen kanpoko berrikuntza-emaitzen eragile nagusiak neurtzen dira, eta Euskal AEk 0,68ko puntuazioa lortu du (0,47 Europar Batasunean). Gainera, gure Erkidegoak Europako batezbestekoa baino puntuazio hobea lortu du blokea osatzen duten hiru dimentsioetan: ‘Giza baliabideak’, ‘Ikerketa-sistema erakargarriak’ eta ‘Digitalizazioa’.

‘Giza baliabideak’ dimentsioan, kualifikazio handiko eta berrikuntzarako funtsezko elementu gisa trebatutako lan-indarraren erabilgarritasuna neurtzen da, eta dimentsioa osatzen duten hiru adierazleetako bi nabarmendu dira Europako batezbestekoarekin alderatuta: ‘Zientzian eta teknologian graduatutako 25-34 urteko doktore berriak’ milako 1,05era iritsi dira Euskal AEn, eta EB-27n, berriz, milako 0,70era. Bestalde, ‘Hirugarren mailako hezkuntza duten 25-34 urteko biztanleen ehunekoa’ % 66,0ra iritsi da Euskal AEn, eta Europar Batasunean, berriz, % 42,0ra. Dimentsio horren hirugarren adierazlean (‘Etengabeko hezkuntza duten 25-64 urteko biztanleen ehunekoa’), Euskal AEn lortutako balioa EB-27n lortutakoa baino txikixeagoa izan da (% 11,7 eta % 11,9, hurrenez hurren). Oro har, dimentsio horretan lortutako puntuazioa 0,69 izan da, eta Suediak, Danimarkak eta Herbehereek baino ez dute gainditu.