Stanford Unibertsitateak urtero argitaratzen du argitalpen zientifikoetan gehien aipatutako ikertzaileen % 2aren izenen rankinga. Azken entregan, 167 dira jada zerrenda horretan dauden UPV/EHUko ikertzaileak. Zehazki, 103 ikertzaile, senior zerrendan (zientzialariak bere ibilbide profesionalean dituen aipuei buruzkoa); 141, azken urteari dagokion zerrendan (kasu honetan, 2021ean izandako aipuak), eta 77, bi zerrendetan. Guztira, 2022ko zerrendan, 150 pertsona zeuden. Beraz, euskal unibertsitate publikoa bigarrena da Estatuan ranking honetan eragin handiena duten unibertsitateen zerrendan, Bartzelonako Unibertsitatearen atzetik.  

Ranking of the World Scientists: World’s Top 2% Scientists delakoa, espezialitate honetan munduko prestigiotsuentzat hatzen dena, Scopus datu basean bildutako informazioan oinarritzen da, eta kontuan hartzen ditu argitalpen zientifikoen inpaktuari lotutako parametroak: hala nola argitalpen kopurua, zenbat aldiz aipatu diren argitalpen horiek beste zientzialari batzuek argitaratutako lanetan, haien lanen inpaktuaren beste adierazle batzuk eta aurreko guztiak konbinatzen dituen amaierako adierazle bat. Gainera, alborapenak saihesteko, sailkapenak aukera ematen du ikertzaile bakoitzaren metrikak konparatzeko, nork bere buruari eginiko aipamenak baztertuta. 

Eva Ferreira errektorearen hitzetan: “harrotasunez bete gaitu albisteak. Iazko rankingarekin alderatuta, gora egin du nabarmen UPV/EHUko ikertzaileen kopuruak World’s Top 2% Scientists-en, “Stanford zerrenda” ere deiturikoan. Emaitza honek agerian uzten du gure komunitate ikertzailearen bikaintasuna, eta euskal unibertsitate publikoaren irudia indartzen du, arlo zientifiko ugaritan abangoardiako ezagutza sortzen duen unibertsitate generalista gisa. Zorionak eman nahi dizkiet zientzia garaikidean eragina duten pertsonen talde aparta honetan sartu diren ikertzaile guztiei, eta albiste on hau partekatu nahi dut gure erakundeekin eta euskal gizarte osoarekin”. 

Rankingean goian dauden UPV/EHUko kideak 40 jakintza arlotan baino gehiagotan ari dira lanean, eta agerian uzten du horrek euskal unibertsitate publikoan egiten den ikerketaren aberastasuna eta aniztasuna. Arlo aipagarrienen artean daude: Neurologia eta Neurokirurgia, Fisika Kimikoa, Polimeroak, Neurozientziak, Biokimika eta Biologia Molekularra, Fisika Aplikatua, Kirol Zientziak, Psikologia Esperimentala, Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza, Ingeniaritza Kimikoa, Fisika Orokorra, Kimika Inorganikoa eta Nuklearra, Industria Ingeniaritza eta Automatizazioa, Kimika Analitikoa, Matematika, Elikagaien Zientzia, Farmakologia eta Farmazia, Onkologia eta Kartzinogenesia, Mikrobiologia, Odontologia, Materialak, Energia, edo Adimen Artifiziala eta Irudi Prozesaketa.