Tenperatura globalaren igoerak pertsonen osasunean duen eraginari buruz argitaratu den azterlan zientifiko baten arabera, emisioak murriztu beharko lirateke 2 graduko igoera ez gainditzeko, izan ere, hori gainditzearen ondorioz, 4.000 milioi pertsona baino gehiago bizi diren planetako eskualde bizigabeak izango lirateke.
Pentilvaniako Unibertsitateko hainbat sailek egin dute ikerketa, eta Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko Proceedings aldizkarian argitaratu da. Tenperatura globala 1,5 eta 4 gradu artean igotzeko agertokiekin lan egin du, planetako zein eremutan izango liratekeen giza tolerantziaren atalaseetatik gorako bero- eta hezetasun-maila. Zientzialariek 462 esperimentu egin dituzte beren gorputzeko tenperatura zentralaren kontrola galdu gabe pertsonek jasan ditzaketen beroaren, hezetasunaren eta esfortzu fisikoaren maila konbinatuak dokumentatzeko.
Horien arabera, pertsona gazte eta osasuntsu batentzako tolerantzia klimatikoaren muga 31 gradutan kokatu dute, %100eko hezetasunarekin. Atalase hori aldatu egingo litzateke pertsonak bi baldintza horiek betetzen dituen heinean.
"Gizakiak izerditu eta odol gehiago ponpatzen du larruazalera, beroa duenean gorputzeko tenperatura egonkor mantentzeko. Baina hezetasun- eta bero-maila jakin batzuetan, gorputza ez da gauza doikuntza horiek egiteko, eta gorputzaren erdiko tenperatura igotzen hasten da. Pertsonak une horretan azkar freskatzeko modurik aurkitzen ez badu, bero-kolpea eta bihotzekoa ere izan ditzake", azaldu du Harry Kenneyk, Pensilvaniako Unibertsitateko Fisiologiako irakasle eta ikerketaren egilekideak.