Azken urteotan nabarmen handitu dira gorroto-delituak. Baina zer da gorroto-delitu bat?
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere web orrian eta Ertzaintzaren orrian azaltzen du zer den eta nola identifikatu, gorroto-delituen inguruan sentsibilizatzeko eta delitu horiek murrizteko lanean jarraitzeko.
Zer da gorroto-delitua?
Delitu-mota horren ezaugarri nagusia egilearen motibazioa da, hots, desberdintzat jotzen dituenekiko gaitzespena edo etsaitasuna. Biktimak gehiago hautatzen dira ordezkatzen dutenagatik direnagatik baino. Egileak biktima aukeratzen du egileak ukatzen duen talde, herri edo komunitate batekin identifikatzen duen ezaugarriren batengatik; intolerantzia-, etsaitasun- edo diskriminazio- jokabideak erakusten ditu, estereotipoetan eta aurreiritzietan oinarrituta, uste duelako biktimak gainerakoek baino eskubide gutxiago dituela. Delitu-mota horretan, biktimari eskubideak ukatzen zaizkio, hauengatik:
- Etnia
- Jatorria
- Erlijioa
- Hizkuntza
- Sexua edo generoa
- Orientazio sexuala
- Genero-nortasuna
- Adina
- Ideologia
- Desberdintasun funtzionala edo ezintasuna
- Gaixotasuna
- Pobrezia eta gizarte-bazterkeria
Gorroto-delitua modu askotara erakusten da, honatx:
- Irainak
- Irain delituak
- Mehatxuak
- Hitzezko edo idatzizko abusuak
- Jazarpena
- Eraso fisiko edo psikikoak
- Lesioak
- Kalteak jabetzan
- Pintaketa erasokorrak
- edo beste edozein jarrera debekatu
Gorroto-delitua ere bada, biktimaren duintasunari kalte egiten dion edozein jokabide edo ekintza, oinarritzen bada arrazan, hizkuntzan, jatorrian, sexuan, generoan, ezintasunean, egoera sozialean edo antzeko beste edozein ezaugarritan.
Zer da gorroto-diskurtsoa eta nor da erantzulea?
Diskurtso, adierazpen, ideien adierazpen edo adierazpen-mota oro, zuzenean edo zeharka piztu, zabaldu, sustatu edo justifikatzen denean gorrotoa edo bortizkeria talde batzuen aurka, arraza, jatorri, orientazio sexual edo genero nortasun, ezgaitasun edo antzeko beste edozein ezaugarrirengatik (arestian zerrendatutako ezaugarri batzuk), horixe bera da gorroto-diskurtsoa; bertan sortzen den testuingurua oso garrantzitsua da, bai eraginkortasunagatik, bai pertsona askorengan eragina duelako, ez bakarrik diskurtsoaren ezaugarriengatik eta edukiengatik.
Gorroto-diskurtsoaren delituan, sare sozialek garrantzi berezia hartzen dute, bertan zabaltzen diren mezuak azkar eta luze eta zabal hedatzen direlako. Erabilitako baliabideen edizioan, hedapenean eta jabetzan parte har dezaketen pertsona fisiko edo juridikoei dagokien erantzukizuna ere kontuan hartu behar da.