Euskal Herriko Unibertsitateak beste sari bat jaso du, EHUk duen ikertzaile-talde horretako kide berri batekin.

Oraingoan, Alfredo Rodríguez-Antigüedad neurologoak eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak jaso du saria. Profesional honi SEN 2022 saria eman diote, Gaixotasun Neurologikoen modalitate zientifikoan. Aipagarria da, halaber, sari hau Espainiako neurologoentzat dela, aurrerapen zientifikoan edo gaixotasun neurologikoen sustapen sozialean lagundu baitute.

Espainiako neurologoei zuzendutako saria da, aurrerabide zientifikoan edo gaixotasun neurologikoen sustapen sozialean lagundu dutenak aitortzeko. Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen saria ematea “esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologiko batzuk (dementzia, alzheimerra, parkinsona, iktusa eta ELA, besteak beste) aztertzen 30 urte baino gehiagoko ibilbide profesional bikaina egin duelako”.  

Rodríguez-Antigüedad ikertzaileak aitortu du “SEN saria merezi duten” pertsona asko daudela, eta saria ibilbide profesional osoaren aintzatespentzat hartzen du: “Garapen handia izan dut kudeaketan eta plangintzan, Osasun Sailean eta neurologo eta ikertzaile gisa lan egin baitut”. Gehien gustatzen zaiona mediku asistentziala izatea da, baina kontziente da ikerketaren garrantziaz: “Ikertzen ari garenean, ez gara gaixo batengan pentsatzen ari, gizarte osoan baizik. Egiten ari naizen bidaia luze honek Neurologiaren arloko nabigatzaile bihurtu nau, eta horregatik saritu nautela uste dut”, azaldu du. “Horrelako aitorpenak harro egotekoak dira. Pizgarri bat dira, aurrera egiten, hobetzen eta beste proiektu eta jomuga batzuk planteatzen laguntzen dizutelako”. 

Rodríguez-Antigüedadek azaldu duenez, aurrerapen handiak egin dira esklerosi anizkoitzaren ikerketan, neurologiaren barruan “gaixotasun enblematiko” bat dena: “Ez da gaixotasuna sendatu, ezta prebenitu ere, baina neuroimmunologian aurrera egin dugu, beste gaixotasun batzuekin oso lotuta baitago; alzheimerrarekin, beharbada”. Izan ere, datu batzuek adierazten dute badagoela “immunitate osagai bat, gaixotasunaren progresioa baldintzatzen duena. Esklerosiari buruzko ezagutza beharrezkoa izan da neuroimmunologia ezagutzeko eta gaixotasun neurologikoetan betetzen duen eginkizuna ezagutzeko”.  

Neurologoak, halaber, etorkizuneko profesionalei aholkatzen die adimen irekia izan dezaten eta lan eremu bakarrera ez mugatzeko: “Funtsezkoa da doktoreek irakaskuntza, kudeaketa, asistentzia, ikerketa eta dibulgazio soziala egitea”, ziurtatzen du; “hau da, esperientzia izatea alderdi guztietan, nahiz eta pazienteei asistentzia ematea medikuen funtsa izan”. Izan ere, gaixo horien gaitz neurologikoak ikusezin bihurtzen dira, pairatzen dituztenek ez dituztelako publiko egin nahi, oraindik ere estigmatizatzaileak direlako, eta gizarteak haiei buruz oso gutxi dakielako. Hala ere, laino isil hori gorabehera, “gogoratu behar da —ohartarazi du irakasleak— gaixotasun neurodegeneratiboak garrantzitsuak direla eta horien eragina izugarria dela, adinari estu lotuta daudelako eta gure bizi itxaropena gero eta handiagoa delako”. 

Gaur egun, Rodriguez-Antigüedadek esklerosi anizkoitzaren esparruan jarraitzeaz gain, bere eremua gaixotasun neurodegeneratiboetara eta biomarkatzaileetara zabaldu du, esparru horiek elkarri lotuta baitaude. “Erronka nagusia”, aurreikusten du, “neuroendekapena da; neuroimmunologiarekin duen lotura, berriz, datozen urteetan haziko den ikerketa ildoa”.