647 etxebizitza atxiki dira Zaramagako berroneratze-proiektura eta, horri esker, Gasteizko auzo honetako bizilagunek haien bizitegi diren eraikinen birgaitze sakona egiteko laguntzak jasoko dituzte. Ekimenarekin bat egiteko azken eguna gaurkoa, ekainak 30, ostirala, zen.

“Zaramaga da gure hiriko urrezko auzoetako bat eta, programa honi esker, benetako berroneratze-prozesua biziko du. Bizilagunek laguntzak jasoko dituzte haien etxebizitzak eraginkorragoak izan daitezen eta horrek nabarmen arinduko du haien energia faktura”, azpimarratu du Borja Rodríguezek, Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren eta Ingurumenaren zinegotziak. “2030eko Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko beste aurrerapauso bat da”, gehitu du.

Ensanche 21 Zabalguneak Zaramagako Iparralde gizarte-etxean duen hurbileko bulegoak areagotu egin du bere lana azken asteotan programarekin bat egin nahi duten komunitateei informazioa emateko.

Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa dagozkion lanak egin ostean eraikinek lor dezaketen energia-aurrezkiaren mende egongo da. Hala, etxebizitza bakoitzeko dirulaguntza obra-kostuaren % 40 eta % 70 artekoa izango da, eta horretarako gehieneko zenbatekoa 15.140 euro (energia-aurrezkia % 30 eta % 45 artekoa denean) eta 35.000 euro artekoa (energia-aurrezkia % 60koa edo gehiagokoa denean).

Zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden bizikidetza-unitateek edo pertsona fisikoek, 25.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenek, laguntza osagarriak jasoko dituzte.

Laguntzak 50.000 euro artekoak izan daitezke energia-aurrezkia % 60koa edo gehiagokoa balitz eta pertsona fisikoaren edo bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak 15.000 euro baino gutxiagokoak balira.