Inoiz pentsatu al duzue nola aldatzen den leku bat bertan gertatzen diren ekintzen arabera? Gaur, Mendizabala aparkalekuz jantzi da berriz ere eta atseden hartzen ari diren autoak besterik ez ditu. Baina joan den asteburuan Azkena Rock jaialdia hartu zuen eta gure aparkaleku maiteak larruzko txupa jantzi zuen (denbora gehienean eskuan eraman bazuen ere, hau beroa!), bere botarik onenak, bere banda gogokoenetako kamiseta eta jeans estu batzuekin ere. Rock musikaren inguruan milaka pertsona bildu baitziren bertan. Berrelkartzeak, besarkadak, barreak, garagardoa, errespetua eta ahots asko elkarrekin abesten. Oraindik sentitzen da rockeroen dardara. Baina hilabete pasatxoan, look-ez aldatu beharko da berriz. Maletan edo, hobeto esanda, xisteran, sudur gorria, koloretako galtza zabalak eta zapata erraldoiak prest ditu. Izan ere, Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaiak hurbil ditugu eta Mendizabala txarangaz, abenturaz eta dibertimenduz beteko da. Gainera, jaietako gauetan su artifizialez jantziko da, hiriko txoko guztiak argituz. Hainbeste aldaketen ondoren, espero dezagun gorputzaldi txarra ez izatea eta beste denboraldi batez Mendizabala zuriz eta urdinez jantzitako ibilgailuak gordetzen jarraitzea.