Joan den astean Toledoko hainbat apaizek heriotza opa diote aita santuari, honelako esaldiarekin: “Otoitz asko egiten dut zerura lehenbailehen joan dadin”. Apaiz talde bat Frantziskoren osasunarekin txantxetan ari zen YouTube bidez zabaldutako solasaldi batean. Ezohikoa da apaiz katolikoek gizaki bat “lehenbailehen” hiltzea nahi izatea eta gizaki hori, gainera, aita santua izatea. Mundua dagoen bezala, ez al dago otoitz egiteko aukera gehiago? Adibide moduan niri hainbat bururatzen zaizkit: bost Gure aita Ukrainaren eta Gazaren aurkako gerrak amai daitezen. Hiru Ave Maria munduko pobrezia amai dadin. Sei Angelus lehortea pairatzen duten eskualdeetan euria egin dezan. Lau Salbe gure Gasteiz maitearen zirkulazioa joan den astean Zadorra ibaiak izandako jariakortasuna izan dezan. Espiritu Santuari otoitz egin minbizi mota guztientzako sendabidea bilatzeko eta, jakina, aurkitzeko. Baita munduko gainerako gaixotasunentzat ere. Asko dute ikasteko apaiz hauek. Izan ere, Iñaki Williamsen Athleticeko jokalariaren adibidea har lezakete, San Mameseko medikuek zaleren bat artatu behar izan dutenean errezatzen ikusi baitzuten. Zerbaitegatik deitzen diote Katedrala. Astelehen on eta Jainkoak bedeinka zaitzatela.