emakume bati andrea deitzen dioten lehen aldia inoiz ahazten ez den unea da. Lehen erreakzioa denok bizi izan dugu: ze izugarrikeria, zahartzen ari naiz! Eta horrekin hamaika pentsamendu negatibo datoz, gaztetasuna neurriz kanpo goratzen duen gizarteak eragiten duen presioak eratorrita gehienak. Aldi berean, eta ustez urteetan zehar iraindutako termino hori saihesteko, beste esamolde batzuk erabiltzen dira emakume bati buruz hitz egiteko, hala nola muchacha, niña, chavalita, moza, nena, chiquita..., eta horrek okertu besterik ez du egiten, hizkera horrekin emakumeari haurren ikuspegitik begiratzen baitzaio. Emakume orok inoiz bizi izan dugun errealitate honen aurrean, txapela kendu besterik ezin dut egin Yolanda Dominguez artistaren eskutik Soriako Udalak abian jarri duen kanpainagatik. Eta modurik onenean egiten du: ironia eta umorea erabiltzen eta ilustrazio lan zoragarri batekin. Perdona, call me señora lelopean kamisetak, ahozapiak eta boligrafoak diseinatu dituzte adina eta esperientzia aldarrikatzen duten mezuekin, emakumearen kontzeptuak alderdi positibo asko dituela erakusteko. Andrea terminoa merezi duen lekura igotzeko ordua da. Hemendik aurrera harro eramango dut andrea deitzea.