Askotan nahiko genuke buruaski sentitu, baliagarri sentitu eta/edo mesederik eskatu behar ez izatea. Eguneroko arazo bat sortzen zaigunean, Internetera jotzen dugu aholku emateko eta arazoa konpontzen saiatzeko. Etxeko aparaturen bat (kafe-makina, mikrouhin-labea edo garbigailua) apurtu edo hondatzen denean, Google jaunarengana jotzen dugu inspirazio bila. Hala ez bada, jaun berarengana jotzen dugu gailu berri bat non erosi adieraz diezagun. Bada, duela aste batzuetatik hona, ekimen bat sortu da gure Gasteiz maitean, buruaski eta erabilgarri sentiaraziko gaituena. 2009an jaio zen, Amsterdamen, eta ordutik arrakasta handiz hedatu da mundu osoan. Repair Café ideia arrakastatsuaz ari naiz. Gasteizen, Falerina tabernak hartzen ditu tailer horiek asteartero 19.00etatik 21.00etara, Taberna Repair izenburupean. Topaketak irekiak eta doakoak dira, kafe bat hartzen duzun bitartean zaborretatik salbatzen saiatu behar diren objektuak konpontzeko. Helburua, ezagutzaren trukea ahaztu gabe, hondakinak berrerabiltzea eta murriztea da, kontsumo jasangarria eta ingurumena errespetatuz. Haien sare sozialetan edo 7remakerstabernarepair@gmail.com helbide elektronikoan abisatu dezakezu aurretik. Horrelako ekimenak beharrezkoak dira gure hirietan. Proba ezazu.