Behintzat niri, nire bizitza osoan, beti, bi eratan aurkeztu didate gertaera bat. Alde batetik, argudio eta errealitateak bilatzen dituztenek eta hauek konektatu ostean, arrazoibide aberats eta sakon bat ehundu dute. Horren alde edo kontra egongo gara, baina ideia sendo eta koherente da. Beste aldetik jada arrazoibidea daukatenek eta han sar daitekeen edozein argudio bilatzen dute, eta horrela bilgarri onargarri bat sortzen dute.

Kakatuak

Aspaldion batzuk euskararen inguruan gizartean ideia bat sortzen saiatzen ari dira; euskara, gure hizkuntza, oztopo bat dela. Ez da norbanako ahaleginik, ez da soziologoen talde baten ahaleginik, ezta ekonomisten talde baten, ez.Hor atzean hedabide oso bat ari da bultzaka.

Azken artikuluetan hedabide batean, 2,6 milioi euro baino gehiago jasotzen duen, argudio batzuk aurkezten ari dira azaltzeko euskara garestia dela eta noski, oztopo bat talento erakartzeko.

Honi buruz, ideia eta hausnarketa batzuk jasota utzi behar ditut.

Talento erakartzea ez da erraza, baina ez dauka zerikusirik euskararekin. Batere ez. Informatika enpresa bat sortu nuen orain dela 18 urte. Une horretatik gaur arte inork, inoiz, ez dit ezetz esan EAE eta NFKan euskara ofiziala delako.

Talentoak ingelesez berba egiten du, bai ingelesez. Hau kontuan izanik, euskara gaztelania bezain oztopo handia da. Atzerriko langile kualifikatu batentzat ez da deserosoa euskaldunek euskaraz berba egitea, baizik eta ingelesez ez aritzea. Euskara ez da sartzen guda-eremuan ingelesaren aurka. Gaztelania bai. Guk gure ingelesa maila hobetzen ez badugu, ez da euskaraz berba egiten dugulako, baizik eta gaztelania sartzen delako gure bizitzaren leku guztietan dena itzultzeko, zinema, liburuak, web guneak…

Gure gizarteak behar duena zera da, gaztelania gutxiago da. Askoz gutxiago, eta geratuko den espazio aske hori ingelesarekin bete behar dugu. Europan al gaude? Europarrak al gara? Ados, orduan ingelesa eta euskara.

Europa ez da elebakarra. Ia Europako leku guztietan, hiritarrek bi, hiru eta lau hizkuntza erabiltzen dituzte. Inork ez dauka hain txikia eta motza begirada. Europako herri ezberdinetan erakargarriena beraien nortasunak dira. Talento erakartzeko, ez dago ezer burugabekoagoa baino eraikitzea herri bat, herria gabe. Zuhaitz baten sustraiak kentzen baditugu, zer gertatuko da haizeak jotzen duenean? Zer pentsatuko genuke Finlandiarrek ahaztea beraien hizkuntza erabakiko balute talento erakartzeko? Zeratarako joango ginateke Finlandiara?, Londresera joan bagaitezke?

Irlandan lau urte bizi izan naiz. Irlandak beste inork baino talento gehiago erakartzen du. Irlanda osoak 20.000 Gaeliko hiztun baino ez izanda, ikasle guztiek ikasten dute Gaelikoa. Ez dago modurik ez ikasteko Gaelikoa. Ez dago atzerritar bakar bat ere Gaelikoaren aurka ezta enpresa bat ere. Irlandaren oztopoa ez da sekula izango Gaelikoa baizik eta ingelesaz berba ez egitea.

Talento erakartzeko, ez dugu zertan euskararen maila jaitsi, baizik eta mendetasun gutxiago eta burujabetza gehiago. Boterea, munduko enpresekin negoziatzeko, Google, Microsoft, Pfizer ateak jotzeko eta prest dagoen herri bat aurkeztea. Gaur gure errealitatea ezin dugula negoziatu da, eta batekaruntze fiskala mantendu behar dugu Espainiarekin.

Euskara ez da ekonomiaren osagai bat. Euskara nire etxeko eta milaka euskaldunon etxeko hizkuntza da.Euskaldunok milaka eta milaka euro zergetan ordaintzen dugu, askotan euskararen aurkako politikak dauzkaten hedabide batzuek laguntzeko. Izan ere, hauek diru-laguntzak oparo jasotzen dituzte.

Euskara ez da oztopo bat, baizik eta gizarte baten alkartasun ahalegina, Espainiako gobernuen politikek azken 200 urtetan apurtu dutena, konpontzeko.

Valladoliden ez dago euskararik, baizik eta gaztelera zoragarri bat. Zenbat talentudun erakartzen ditu Valladolidek? Bihar, norbaitek egiaztatuko balu talento erakartzeko Flamenkoaren presentzia oso garrantzitsua dela. Flamenko ikasiko al genuke?

Baskonian urtero kakatua asko erosten ditugu, gehienak Espainiari. EAE-k eta NFK-k iaz diru-ekarpenetan 2.100 milioi euro ordaindu zituzten. Kopuru hori Estatuak, bere gain hartuta, kudeatzen dituen gai batzuk ordaintzeko. Halaber, orain dela gutxi Espainiako Gobernuak 1.100 milioi euro zuzendu ditu hizkuntzak sustatzera erronka digitala dela eta. Foru hiritarrok Espainiako aurrekontutik 7.8% jartzen dugunez, horietatik, 70,9 milioi, guk, jarri ditugu. Euskarak 2 milioi jaso ditu (0,18%). Non daude gure beste 68,9 milioiak? Zer da garestia guretzat, Euskara ala Gaztelania? Euskaltegietan, zenbat kurtso ordaindu ahal izango genituzke kopuru horrekin?

Espainiako kakatuek inoiz ez dute gaztelaniaz berba egiten. Bere errege ohiak bere herria defendatzeko ihesi egin du Arabiar herri batera, baina, lasai, kakatua garestiena ez dago Arabian baizik eta ikastola batean.