Umetan Gente con chispa telebista saioaren jarraitzaile sutsua nintzen. Bertan, haur batek aurikularretatik entzuten zuen abestia tarareatzen zuen, eta helduek abestia asmatu behar zuten. Orain, Junek hortara jolastu nahi duela dirudi. Batzuetan, niri eskatzen dit abestia jartzeko: “ama, jarri xun suabe abau a zin, o wanazin wanabi ou rait...”. Zuk asmatu duzu zein abesti den? Nik ere ez askotan, baina Shakiraren don’t you worry abestiaz ari dela konturatzen naizenean… Bost puxtarri Sara! Ulertzen ez diodanetan, ordea, hirugarren gerra mundiala hasi daitekeela sentitzen dut! Beraz, egoeraz aprobetxatzen naiz eta Alexari pasatzen diot pilota. Alexa, ahots bidezko laguntzaile birtuala da, eta Junek kontrolpean duela esango nuke: “Alexa, jarri...” eta nahi duen abestia tarareatzen dio sarritan, Alexak kanta jar diezaion. Grazia handia ematen dit eta Alexa super botere sinestezinak lortzen hasi dela esango nuke. Horregatik, hirugarren gerra mundiala hasi aurretik: “Maitea, eskatu Alexari, ea jartzen duen” esaten diot. Hatzak gurutzatzen ditut, tarareatzen du eta… Ez du ulertzen. Ez! Orain ez! Gerrak eztanda egiten du. Eskerrak ingurukoak beti hor dauden, urgentziazko audioak bidaltzeko! “Junek abesti hau tarareatu du, norbaitek harrapatzen du?”. Eta bai, beti dago gerra itzaltzera datorren erantzun preziatua. Izorra hadi, Alexa!