Urteak neramatzan larrialdietara joan beharrik gabe, ez norbaiti laguntzera, ez eta nire gaitzengatik ere. Kontua da joan den astean osasun publikoaren oinarrizko baliabide hori erabili genuela, Gasteizen kasuan, Txagorritxun. Ezer baino lehen, eta batez ere, eskerrak eman nahi dizkiet artatu gintuzten osasun-langile guztiei, bai administrariei, bai erizainei, bai medikuei. Baina ezin dut alde batera utzi gertatu zitzaiguna. Egunero ez gertatzea espero dut, eta hala bada, mesedez, honek premiazko irtenbide bat behar du. Ulertzen dut paziente gehiago egotea zubi baten ondoren. Logikoa da, baita ere, gaitz edo lesio larrienak dituzten pazienteek lehentasuna izatea. Baina ezin dut ulertu bost ordu baino gehiago behar izatea zu artatzeko eta itxarongelan 50 pertsona baino gehiago estu-estu egotea. Arazo larria dela uste dut. Ahalik eta azkarren konpondu beharreko arazoa, alegia. Santiago Ospitaleko larrialdiak berriro ireki beharko lituzkete, Txagorritxun zentralizatzea akatsa handia izan dela uste dut. Eta, gainera, profesional falta dago, eta dauden gutxi horiek gaindituta daude gainera. Nire ustez, herritarrek gai honetan triajea antolatuko balute, nik proposatzen ditudan eta bideragarriak izatea espero ditudan bi irtenbide horiei emango liekete lehentasuna.