Azken aldian, liburu bera irakurtzen ari gara June eta biok, behin eta berriz. Susanna Isern-en Superbotereen liburu aparta, hain zuzen ere. Liburuaren orrialde bakoitzean ume gazte bat agertzen da eta ume horrek duen superbotereaz hitz egiten du.

Junek oso gustuko du liburua, batez ere protagonistetako batek June izena duelako. Liburuaren kasuan, Juneren superboterea ausardia da. Agian protagonistarekin bat egiten du gure txikiak, bera ere oso ausarta bait da.

Liburua gauean eta ohean irakurtzen dugu, baina orrialde hori irakurri arte inoiz ez da lokartzen. Dantzatzea, umorea, sormena, istorioak kontatzea, musika, baikortasuna... Guztiok dugu superbotere harrigarriren bat. Pertsona zoragarria bihurtzen gaituen aparteko superbotere bat.

Honek pentsarazi dit: zein da nire superboterea? Uste nuen ez nuela hau inoiz esango, baina June jaio zenetik nire superboterea pazientzia dela esango nuke. Superbotere asko ditut nere ustetan, baina hau da azken urteetan gehiago landu dudana. Zer izango zen amatasuna pazientziarik gabe? Ezinezkoa izango zen heztea. Hala ere, zenbat lan… Ez nuen uste horrenbeste landuko nuenik superbotere hau. Eta zuk? Zein da zure superboterea?