Etxean badago jolas bat arrakasta handia duena txikien artean. Botere bat bereganatzean datza eta errealitate bihurtzen dela imajinatzean ere bai. Alabek jolas honetan sartzen nautenean eta galdetzen didatenean zer botere izan nahiko nukeen oso argi daukat. Teleportatu ahal izatea botererik onena izango litzateke, nire ustez. Ez bakarrik planetako puntu batean gosaltzeko eta beste aldean afaltzeko, baita denboran bidaiatzeko ere. Zer deritzozue Erdi Aroko Gasteizen kokatzeari? Artisauak eta merkatariak hiriko talde sozial garrantzitsua izan ziren garai hartan. Zoragarria litzateke kale haietan barrena murgiltzea eta lehengai baliotsuenen bila bertako zalapartaz mozkortzea. Merkatarien erreklamo hipnotikoarekin batera datozen produktuen usainaz liluratu: ogia, frutak, ardoa, zapatak, jantziak... Hortik guztitik gremio-kaleen izena geratzen zaigu: Hedegile, Zapatari, Errementari, Aiztogile kaleak, Harategi kantoia edo Burulleria plaza, besteak beste. Asteburu honetan bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Izan ere, atzotik eta bihar arte denboran bidaiatzearen antzekoena bizi ahal izango dugu. Erdi Aroko Merkatua itzuli da eta Gasteizek bere iragan bikainena berreskuratuko du.