aziren behin gauero eguneko unerik magikoena itxaroten zuten bi ahizpa. Oso txikiak zirenetik gertatzen zen, justu lo egin baino lehen eta eguneroko zereginak bete ondoren. Ohean sartuta, gurasoen berotasunean, istorio ikaragarrienak entzuten zituzten. Printzesa izan nahi ez zuen sorgin haren istorioa, edo galtzontzilotan zihoan otsoarena. Ipuinaren ordua zen eta etxe horretan, ohitura hori sakratua zen. Momentu berezia zen, beraientzako momentua alegia, distraziorik gabekoa. Ganoraz aukeratzen zuten liburua, batzuk liburutegitik mailegatutakoak, beste batzuk, etxekoak eta buruz zekizkitenak, baina berdin zen, gauero magia sortzen baitzen. Egoera hori etxe askotan errepikatzen dela jakiteak erabat pozten nau, haurrei ipuinak ozenki irakurtzearen onurak kontaezinak direlako. Gure etxean emaitzak bistan daude, alaba nagusia irakurle amorratua baita, eta txikia aldiz, hiru urterekin, ipuin bat kontatzeko gai da irakurtzen jakin gabe. Sarritan magia hura berez sortzen da helduon beharrik gabe, handiak txikiari ipuinak irakurtzen harrapatzen ditudanean, hain zuzen ere. Gaur, Liburuaren Egunean, ez galdu aukera txikiei ozen irakurtzeko, Celtas Cortos taldearen abestiaren errepika hura egia galanta da eta.
- Multimedia
- Servicios
- Participación