Gasteiz - San Prudencio ikastetxeko patio estaliak itxura berria dauka orain. Lehen Hezkuntzako ikasleek hortik dabiltzatenean haiek margotutako mural erraldoiari geratzen dira begira. “Guk hemen jada ez gaudenean, zer edo zer geratuko da ikasetxetik pasa ginela gogorarazteko”, diote Xabier Aberasturik eta Iria Justok, 6. eta 2. mailako ikasleek hurrenez hurren. Duela hiru aste hasi ziren ikasleek, irakasleek eta gurasoek elkarlanean. Arteari garrantzia eman, ikastetxearen ikasle guztien erlazioa finkatzea eta berdintasunezko patio bat sortzea zuen helburu partaidetzan oinarritutako proiektu honek, Maialen Acevedo artista eta amaren laguntzarekin.

Xabier oso pozik dago muralaren sorkuntzan parte hartu izanagatik. Gustatuko litzaioke bere seme-alabei hara eramatea eta, behatzez, berak duela zenbait urte zer margotu zuen kontatu. Ekimen hau oso interesgarria iruditu zaie bai Iriari bai Xabierri. Oraindik gogoratzen dute nola sortu zen eta nola proposatu zieten parte hartzea. “Azaroaren 4an hasi ginen pintzelak hartzen, adin desberdinetako ikasleak talde desberdinetan nahastuta”, dio Iriak.

Adin guztietako ikasleen artean -lehenengo mailatik seigarren mailara arte- lagun berriak egitea ere sustatu du. “Txikiagoak diren ikasleei laguntza eskaintzen diezu eta horrela adiskidetasuna sortzen da”, azaldu du Xabierrek. Bera xehetasunez arduratzen zen bitartean, bere taldeko ume txikitxoek atzealdeak margotzen zituzten, kapetan bananduta zegoenez, lehenengo geruza alegia. Hala ere, adiskidetasuna ez da soilik sortu ikasleen artean; gurasoen artean ere. Maialen Acevedo eta Noelia Fustel Izquierdo amen kasua da hau. “Hasieran ez genuen elkar ezagutzen, eta murala egiten hasi ginenean laguntasuna sortu zen gure artean”, dio Noeliak. Noelia beti maite izan du artea. Horregatik animatu zen mural honetan parte hartzera. Hotz handia egiten zuenez, ekimenean parte hartu zuten 450 umeek arropa ugari zeramatzaten, baina Maialen Acevedok dio oso pozik eta adi zeudela margoketarekin, eta ia ez zutela hotza nabaritzen. “Zaila izan da hainbeste ume koordinatzea, baina gogobetekoa izan da ere”, aitortu du proiektu honen egileak. “Orain ikusten dituzu umeak eta oso pozik daude haien gurasoei esaten ‘hau nik egin nuen’. Gurasoek eta ikasleek oso harro daude”. 43 metroko mural honetan hamahiru marrazki daude, esanahi desberdinekin. Agenda 21, inklusioa eta aniztasuna, laguntasunaren bankua, bullyingen kontrako KIVA proiektuaren zigikua, espiritu kritikoa, zortzi inteligentziak, sormena, talentoaren garapena, berdintasuna, aurrea hartzea eta zeinu hizkuntzaren kolorea irudikatzen duten zenbait marrazki daude.

Ikasleentzat, garrantzitsuenetako bat ostadarraren koloreetan margotuta dagoen adiskidetasunaren bankua da, etorkizunean errealitate bat izango baita. “Nik bankuan esertzen naizelaren plantak egiten ditut”, dio barrezka Iriak. Xabierrentzat ere hau oso polita da. “Lagunak egiteko edo hitz egiteko balio du”. Iria Justok ere istorio bat dauka irudikatuta dagoen banku honen inguruan. “Behin, lagun batek eta nik beste batekin haserretu ginen, eta paretan dagoen banku horretan jarri ginen horri buruz hitz egiteko eta momentu horretan geneukan haserrea konpontzeko”.

Bete diren helburuak Ikasleek inor baino hobeto dakite korridoreetan, klaseetan eta patioan zer gertatzen den. Horregatik, mural honen sorkuntzak duela zenbait urte sustatzen ari diren zenbait balore finkatu ditu San Prudencio ikastetxean.

Helburu hauen artean aurki daitezke, adibidez, arteari garrantzia ematea; lehen hezkuntzako ikasle guztien parte-hartzea eta elkarlaneko ikasketa heldu eta gazteen artekoa sustatzea; gurasoen laguntza edukitzea; gurasoek, ikasleek eta bisitan etortzen den jendeak murala bistan edukitzea; patioari bizia eta alaitasuna ematea; denboran betirako mantentzea; eta ikastetxearen filosofia 43 metroko mural batean irudikatzea. Antolakutzan parte hartu dutenek harro eta pozik sentitzen direla azaldu dute. Xabier, Noelia, Iria eta Maialen betirako gordeko dute bihotz eta burmuinean azaroaren bigarren astean bizitako esperientzia, eta gainera zenbait bideotan edukiko dute, altxor bat izango balitz bezala, oroipen miresgarri hau.

Ikastetxetik aurreratzen dute ekimen hauekin jarraituko dutela. Duela zenbait hilabete estreinatu zuten patioaren txoko lasaia, ikasleek ondo pasatzeko. Gainera, pasa den astean, zenbait ikaslek MusikAt programan hartu zuten parte. Albertiako egoitza bisitatu zuten musikaren bidez haien bihotzak helduei oparitzeko asmoz. Oraindik, ekimen asko dituzte egiteke. Beraz, partaidetza sustatzen jarraituko dute San Prudencio Ikastetxeko irakasleek, ikasleek eta gurasoek, istorio hau oso urrun baitago bere aimaierara heltzeko.