San Prudencio ikastetxeak berdintasuna eta aniztasunaren aldeko ekimenak egiten jarraitzen du. Horretarako, atzo mural bat egiten hasi ziren eskolako patio estalian. Partaidetzan oinarritutako ekintza da hau.

Pasa den urtean hasi ziren San Prudencio ikastetxekoek pausoak ematen inklusioaren eta berdintasunaren alde. “Pilare batzuk dituen prozesu bat da. Horietako bat hezkidetza da, neska eta mutilen arteko berdintasuna bilatzea, eta bestea inklusioa da. Horrekin hasi gara orain, muralarekin”, azaldu zuen atzo Igor Garcia, proiektuaren arduradunak.

Horma-irudi hau egi bihurtzeko, Maialen Acevedo artista eta amak bere laguntza eskaini zien. Horrela, lehen graduko ikasleek, guraso boluntarioekin batera dabiltza lanean. Atzo hasi ziren talde desberdinak pintzelak hartzen. Handiek txikiekin partekatzen zuten agindutako lana, irudien geruza desberdinak margotzen. Atzo lehenengo geruzan ibili ziren, eta gaurkoan bigarrenari ekingo diote. Ostiralean amaitutzat emango dute 43 metro dituen mural hau.

Laugarren geruza esaldiei dagokio. Neska-mutilen irudiekin batera, mezuak daude, ikastetxearen pilareak aurkezten dituztenak, eskolaren filosofia aintzat hartuta. Horrela, hiru hizkuntzetan Agenda 21, Kiva eta LGTBIren inguruko esaldiak aurki daitezke. “Egurrezko hesi bat dago muralean. Hori ortzadarraren koloreekin margotuko dugu, LGTBIren koloreekin. Banku bat ere badago marrazkian, adiskidetasunaren bankua. Hori, egunen batean, fisikoki jarriko dugu”, adierazi zuen Garciak.

Maialen Acevedo oso pozik dago lanarekin. 450 ume koordinatzea pixka bat zaila dela zioen, baina ikastetxe guztietan hau egin beharko litzatekeela uste du. “Proiektuak guztien parte hartzea sustatzea du helburu, eta artearen bidez baloreak transmititzea ere”, aurkeztu zuen atzo Acevedok.

Umeek ere oso pozik daude muralaren sorkuntzarekin. 5. mailakoek egon ziren atzo goizean 2. eta 3. mailako ikasleekin. Handiek xehetasunez arduratzen ziren bitartean, txikitxoek atzealdeak margotzen zituzten, lehenengo geruza, alegia.

“Nik pasa den urtean beste mural bat egin nuen. Beraz, badakit nola funtzionatzen duen hau”, zioen batek. Beste batek, barrezka kontatu zuen oso gustora daudela lan egiten, “ikasten baino hobeto”. Esfortzua merezi duela eta taldekako lana oso polita dela gehitu nahi izan zuten. Berrogeita bost minutuko txandak egiten dituzte ikasleek. Beraz, aste hau berezi samar izango da irakasle eta ikasleentzat. “Klase guztietan falta da ikasleren bat”, azaldu zuen proiektuaren arduradunak. Aste honetan, beraz, ez da azterketarik egongo.

Berdintasuna eta inklusioaz gain, beste helburu batzuk landu nahi ditu muralak. Elkarlana sustatu, arteari garrantzia eman eta San Prudencio ikastetxearen ikasle guztien erlazioa finkatzea nahi dute, besteak beste, berdintasunezko patio baten alde 6 eta 12 urte arteko ikasleek lan egiten duten bitartean.

helburuak Orain arte, beste zenbait helburu bete dira. Urtarrilean, Zurine Burgoa arkitekto feministak irakasleei azalpenak ematen ibili zen. Horrela, otsailean, patioetan bizikidetasuna suspertzeko arauak sortu ziren, eta ikasleen artean inprimaki bat banatu zen jolasten zuten lekuak adierazteko eta patioan ezarri nahi zituzten aldaketak marrazkien bidez azaltzeko. Hauek kontuan hartuta, ekainean, abuztuan eta irailean zenbait leku eta jarduera jarri ziren martxan, hala nola, rokodromo bat eta txoko lasaia, umeek jolastu, ikasi edo irakurri ahal izateko.

Ostiralean amaituko den murala azken helburua da, baina San Prudencio ikastetxetik aurreratu dute lan egiten jarraituko dutela. Korridore eta eskaileretan, adibidez, bullying-aren aurkako esaldiak daude, hiru hizkuntzetan eta keinu- hizkuntzan ere.

txoko lasaia Duela bi hilabete jarri zuten martxan txoko lasaia. Esertzeko lekuak daude, eta arbola bat eremuaren erdialdean. Seigarren mailan dauden zenbait ikaslek txokoaren eta partekatzen den materialaren arduradunak dira. Eskolako psikologoari, Migueli, eskerrak eman nahi dizkiote hau sortzen laguntzeagatik. Haiek horrela deskribatzen dute eremu hau: “Txoko lasaia umeek jolasteko leku bat da. Gure irudimenetik sortu zen. Jende asko doa eta oso pozik gaude”. Izan ere, era askotan aprobetxatu daiteke toki hau. Batzuk bertan ikasten dute, besteek hamaiketakoa jaten dute eta askok jolastea nahiago dute. Horretarako eta irakurtzeko materialak ikasle batzuen artean eramaten dute txokoraino, eta haiek hauek banatzeaz eta batzeaz ardurazen dira.

“Erabiltzen diren materialak, jostailuak eta liburuak errespetatzeko araudi bat sortu dugu, baita birziklatzeko ere”, argitu zuten ikasleek. Zuhaitza ere errespetatu behar dela gogoratu nahi izan zuten. Dena den, oso pozik daude txoko honekin. Jendearekin daukaten adiskidetasuna indartu dutela zioten. “Futbola ez genuen gustoko, eta txoko honetan babesa aurkitu genuen”.

Ikasleek ere haien etxetik ekarritako jostailu eta jokoak eraman ditzakete bertan erabiltzeko. Igor Garciak adierazi zuenez, “ideia haiek autonomoak izatea da, irakaslerik bertan ez egotea”.

Patioaren beste eremu batean, eta soilik futbolari ez ekiteko, rokodromo bat ere jarri dute, adin guztietako ikasleek kirol desberdin bat egiteko eta ondo pasatzeko, denek elkarrekin trebatzen diren bitartean.

Irakasleek, patioan daudenean, peto horia daramate, eta ikasleren batek bullying kasuren bat ikusten badu, haiengana doa ohartarazteko. Horrela gauzak, San Prudencio ikastetxeak berdintasunezko patio baten aldeko pausoak ematen jarraituko du, “inor kanpoan ez uzteko”.