Auzitegi Gorenak Udalaren jarrera babestu eta Sagartokiko terraza kendu behar dela baieztatu du
Sagartokik borondatez kendu ditu jada espazio publikoan baimenik gabe instalatutako elementuak
Auzitegi Gorenak ez du onartu Sagartoki establezimenduaren enpresa titularrak Vitoria-Gasteizko Udalak terrazaren lizentzia ez berritzeko hartutako erabakiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoa. Ebazpen horrekin (horren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu), behin betikoz baieztatu da Udalaren jarduketaren legezkotasuna, eta amaiera emango zaio 2018an hasitako prozedura administratibo eta judizialari.
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak ekainaren 17an emandako probidentziak esan nahi du Udalaren aldeko epaia irmoa dela eta behin betikoz baieztatuta geratu dela terraza jartzeko lizentziari emandako ukapena. Bai lehen instantzian bai EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean lortutako aldeko ebazpenen ondoren, auzia ezagutu duten instantzia judizial guztiek behin betikoz babestu dute Udala.
Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak modu positiboan baloratu du ebazpen judiziala. “Erabaki honek behin betikoz berresten du Udalak urte hauetan guztietan izan duen jarrera, eta egindako lan teknikoa eta juridikoa bermatzen du. Hasiera-hasieratik defendatu dugu instalazio horrek ez zituela betetzen espazio publikoa okupatzeko udal-araudian ezarritako baldintzak, eta jarrera hori instantzia judizial guztiek babestu dute”.
Artolazabalek nabarmendu duenez, gainera, “Auzitegi Gorenaren probidentziak garrantzi berezia du, gaiaren ibilbide judizialari amaiera ematen diolako. Errekurtsoa ez da onartu, helegitea aurkeztu zion enpresari kostuak ezarri zaizkio, gainera, ezin da beste errekurtsorik aurkeztu. Ia zortzi urteko prozeduraren ondoren, esan dezakegu gai hau behin betikoz konponduta geratu dela”.
Sagartokiko terrazak aldi baterako baimena zuen, 2018an amaitu zena, eta Udalak ez zuen berritu, uste baitzuen instalazioak ez zituela betetzen terrazak arautzen dituen ordenantzan ezarritako baldintzak.
Une horretatik aurrera, administrazio-prozedura luzea hasi zen, eta enpresak alegazioak, errekurtsoak eta hainbat dokumentu aurkeztu zituen. Udal-zerbitzuek izapide horiek guztiak aztertu zituzten, hainbat txosten teknikotan oinarrituta. Txosten horietan ondorioztatzen zen instalazioa ez zetorrela bat espazio publikoa okupatzeko indarrean dagoen araudiarekin.
Administrazio-bidea amaituta, 2022ko azaroan, enpresak auzitara jo zuen. Lehenik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta horrek arrazoia eman zion Udalari. Ondoren, errekurtsoa aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta hark berretsi egin zuen Udalaren jarduera legezkoa zela eta lizentzia ukatu izana. Azkenik, kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, eta huraxe izan zen ebazteke zegoen azken prozedura judiziala.
“Prozedura judiziala irekita egon den bitartean, zuhur eta errespetuz jokatu dugu Justiziaren garaiekin. Orain ebazpena irmoa da eta betetzeko beharra dago. Gure helburua da legea betetzen dela bermatzea eta espazio publikoaren erabilera egokia eta ordenatua zaintzea. Arauak berdin aplikatu behar zaizkie guztiei, eta administrazio publikook betearazteko betebeharra dugu”, amaitu du Artolazabalek.
Temas
Más en Gasteiz
-
Cafés Foronda obtiene un nuevo reconocimiento internacional al sabor
-
El café tras dejarlos en clase
-
“Estoy en la gestión de todos los asuntos y sé cómo tengo que organizar el Ayuntamiento”
-
“Antes de que acabe la legislatura, formalizaré un nuevo acuerdo con el Gobierno Vasco para construir 1.000 viviendas, si no son más”