Arabako Gimnastika Federazioak antolatutako Txapelgym Emakumezkoen Gimnastika Artistikoko Nazioarteko Txapelketaren bosgarren edizioa jokatuko da Gasteizko Mendizorrotzeko kiroldegian ostiraletik igandera, maiatzaren 29tik 31ra, eta 32 klubetako 700 gimnasten partaidetza izango du.

Antolatzaileek aukezpenean iragarri dutenez, nazioarteko parte hartzea Jeunesse Sportive Angouleme (Frantzia) eta Portugalgo CD Foz Porto klubek ekarriko dute, eta bertakoa, Arabatxo eta Aritza klubek. Gainera, Unai Baigorri gimnasta arabarra eta Sergio Kovacs kataluniarra ere bertan izango dira, Mendizorrotzera hurbiltzen diren ikusleen aurrean beren espezialitateen erakustaldia egiteko asmoz.

Era berean, Arabako hiriburuko hitzordua Espainiako txapelketak egiteko hilabete falta denean izango da, eta, beraz, "termometro ona" izango da parte hartzaile guztiek Iruñean eta Guadalajaran jokatuko diren txapelketotarako prestaketa lanei eta ariketei azken ukituak emateko. Lehiaketa ostiralean hasiko da, 15:00etan, eta igande eguerdian amaituko.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Arabako beste gai batzuekin jarraituz, Gasteizko 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Hitzak literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da larunbatean, maiatzaren 30ean, Montehermoso Kulturunean. 2026ko edizioan aurkeztutako ipuin eta nanoipuin onenak saritu eta hautatutako testuetako batzuk irakurriko dituzte bertan, eta ondoren, Labe Gazte Laborategiak saritutako lanen ilustrazioak biltzen dituen erakusketa irekiko du.

Gasteizko Udaleko Gazteria eta Kulturako zerbitzuek bultzatzen dute lehiaketa, eta IDArte Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolaren laguntza eta Laboral Kutxaren babesa du.

Oihana Arana idazle eta bertsolariak eta Mikel Ayllon idazle eta antzerkigileak hartuko dute parte ekitaldian, aurtengo edizioko epaimahaikideak, eta apirilean eta maiatzean ipuinen kategoriako irabazleekin batera egindako mentoretzaren arduradunak izan baitira. Hain zuzen ere, mentoretza horietan, haien literatur proposamenak hobetzen eta garatzen lagundu diete.