Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatzen duen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak 'Udaberrian Jai' programazioaren edizio berria antolatu du Pazko Asterako, eta, apirilaren 7tik 12ra, haurrei eta familiei zuzendutako kultur, sormen eta aisialdiko jarduerak eskainiko dira euskaraz.

'Udaberrian Jai' zikloaren helburua da oporraldian familientzako topagune bat eskaintzea, kultura, sormena eta ikaskuntza uztartzen dituzten proposamenen bidez, Izaskun Arrue Kulturgunetik ohar bidez jakinarazi dutenez.

Horrela, 'Eurilekuak' 7-9 umeentzako goizeko kultur egonaldiak egingo dira apirilaren 7tik 10era, Geu Elkartearekin elkarlanean antolatuta, eta haurrek kultura, sormena eta dibertsioa uztartuko dituzte euskarazko jolas eta dinamiken bidez. Era berean, 8 eta 12 urte bitarteko umeentzako robotika tailerrak ere izango dira, Creative Play elkartearen eskutik.

Apirilaren 11ean, 6-9 urtekoentzako 'Pop Up' sormen tailerra egingo da, eta parte hartzaileek bi dimentsiotatik hiru dimentsiotara jauzi egingo dute, papera moztuz eta tolestuz mekanismo sinpleak eratzeko. Horrela, paperetik ateratzen diren paisaia eta irudiak sortuko dituzte.

Egun berean, 'Txiki zinema' zikloaren barruan, 'Minecraft' filmaren proiekzioa izango da 7 urtetik gorako haurrentzat eta familientzat, eta egitaraua bukatzeko, apirilaren 12an, 'Ipurbeltz' izango da, jolasaren eta umorearen bidez, ikuspegi desberdinak ulertzea eta elkarbizitza lantzea proposatzen duen familia ikuskizuna.

Jarduera hauen bidez, Izaskun Arrue Kulturguneak oporraldietan euskarazko familia aisialdirako proposamen kulturalak eskaintzeko apustua indartu nahi du, sormena, ikaskuntza eta dibertsioa uztartuz. Jarduera guztien izen-emateei eta sarreren erosketei buruzko informazio guztia https://iak.eus/agenda/ web orrian daude eskuragarri.