Gasteizko Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko Ikasketa Profesionaletako ikasleek eta irakasleek Madrilgo Mariemma Dantza Kontserbatorio Profesionaleko bi irakaslek emandako 'Paso a Dos y Varones' metodologian oinarritutako prestakuntza jasoko dute astelehen honetatik asteazkenera, martxoaren 30etik apirilaren 2ra.

Hain zuzen, Gasteizko Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, Juan Carlos Ajenjok eta Sonsoles Jimenezek emango dituzte eskolak, dantza klasikoaren munduan ospe handia duten profesionalak biak ala biak.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak nabarmendu duenez, "ikastetxeen arteko sinergiak beti dira oso interesgarriak, eta are gehiago, seguru asko Estatuko kontserbatorio onenaren 'know how'-a Gasteizen izateko aukera badugu dantza klasikoaren bi izen handiren eskutik. Zorte handia da gure ikasleek eta irakasleek Uruñuelako instalazioetan maila horretako bi profesionalez gozatu eta ikasi ahal izatea".

GASTEIZ

Bestalde, Gasteizko beste albiste batzuekin jarraituz, Vitoria-Gasteizko Udala izango da herritarrei zuzendutako bideo-arreta eskainiko duen Euskadiko lehen udala. Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailak abian jarriko du bihartik, apirilaren 1etik, aurrera herritarrei arreta emateko modalitate berri hau. Horri esker, Udalaren hamar bat izapide bideo-deien bidez egin ahal izango dira, edozein tokitatik, mugitu beharrik izan gabe, gailu mugikor bat erabiliz (hala nola telefonoa edo tableta), edo kamera eta mikrofonoa eta Interneterako konexioa dituen ordenagailua erabiliz.

Bideo-arretaren kanal berriak aurrez aurreko arretaren onurak (zalantzak argitzeko berehalakotasuna, orientazio eta aholkularitza pertsonalizatua eta pertsona batzuei herritarren arretako langileek zerbitzua emateak ematen dien konfiantza dira horren oinarriak) eta kanal digitalaren onurak konbinatzen ditu, hala nola dokumentu digitalizatuak inprimatu beharrik gabe aurkezteko aukera eta edozein lekutatik mugitu beharrik izan gabe egiteko erosotasuna.

Ildo horretan, herritar guztientzat zabalik badago ere (pertsona fisikoak badira), bereziki erabilgarria izan daiteke hainbat kolektiborentzat, hala nola mugikortasun urriko pertsonentzat, zaintzaileentzat edo hiritik kanpo daudenentzat. Udaleko langileek bideo-dei bidez erantzun eta nahi duten kudeaketa egiten lagunduko diete.