Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak genero berdintasunari buruzko berariazko egitaraua antolatu du martxorako, hilaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. 'Historiaren eta Ondarearen Emakumeen Memoria: ikusaraztea eta eraldatzea' lelopean, hitzaldiak izango dira hileko astelehenetan, eta emakumeek hainbat testuinguru historikotan izan duten presentziari eta rolari erreparatuko zaio.
Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko Areto Nagusian, eta sarrera doakoa izango da eserlekuak bete arte.
Horrela, zikloa astelehen honetan hasi zen, hilaren 2an, Belen Vazquezen 'Mujeres vasconas en la Córdoba Califal' hitzaldiarekin. Martxoaren 16an, 'Emakumeak Bando Gerretan' izango du hizpide Janire Castrillok, eta Itziar Aloriak 'Leonor de Aquitania. Reina y estratega' hitzaldia emango du hilaren 23an. Azkenik, Jose Rodriguezek 'Emakumeak Erdi Aroko eta Aro Modernoko ur-hornikuntzan' gaia aztertuko du martxoaren 30ean.
Gainera, hainbat jarduera egingo dira +55 Elkartegiak programaren baitan kultur etxeko programazio berezia osatzeko, hala Gasteizen nola lurraldeko kuadrilletan.
Bestalde, Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko irakurketa klub guztiek urtean zehar planteamendu parekidearekin lan egiten duten arren, martxoan, irakurketa klubek emakumeek idatzitako obretan jarriko dute arreta, genero eta jatorri desberdinetako egileen ikusgarritasuna indartu nahian. Hona hemen programatutako irakurgaia.
Era berean, LParen Klubaren martxoko saioetan bi emakume talde espezifiko jorratuko dira: martxoaren 6an Patti Smithen 'Horses', 'La poeta punk, una pura sangre' saioan, eta martxoaren 27an Antony & The Johnsonsen 'I'm a Bird Now', 'La belleza de la diferencia' saioan.
Programazio berezi honekin, Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak emakumeek historiari, kulturari eta ondareari egindako ekarpenak ikusarazteko konpromisoa indartzen du.