Basque Culinary Center erakundeak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin sustatutako EDA Drinks & Wine Campus ardoari eta edariei buruzko prestakuntza ekimenak "urrats erabakigarria" egin du, Gasteizko egoitza eraikitzen hasi baita.
Hain zuzen, eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin dute, eta bertan izan dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Arabako eta Basque Culinary Centerreko ordezkariekin batera. EDA Drinks & Wine Campusen Gasteizko egoitza kokatuko den lursailean egin da ekitaldia, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Mugarria horma irudi baten bidez irudikatu da, eta bertaratutakoek beren sinadura utzi dute bertan, zenbait edariren botilekin batera (konbutxa, garagardoa eta sagardoa). Edari horien inguruko prestakuntza eskainiko da bertan, eta etorkizuneko eraikinean ikerketa garatu. "Keinu sinboliko horrek sektorearen orainarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa adierazten du", esan dute Jaurlaritzatik.
Imanol Pradalesek bere hitzaldian nabarmendu duenez, "berrikuntza gastronomikoari eta ardogintzari dagokienez Araba eta Euskadi mundu mailako erreferente izaten jarraitzea nahi dugu". "Garrantzi handiko erabakiak hartzen jarraituko dugu sektoreak bizi dituen zailtasunei aurre egiteko. Horretarako, sektorearen ahotsa Europara eramango dugu, eta euskal NPB indartu eta deszentralizatua eskatuko dugu", ireagarri du.
Era berean, lehengaiaren garrantzia azpimarratu du: "Funtsezkoa da ezagutza aurreratua izatea, eta hori lantzen duen talentua". Bukatzeko, tokiko produktuak kontsumitzeko deia ere egin du, "Euskadik ere asko egin baitezake".
Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "EDA Drinks & Wine Campusen Gasteizko eraikineko obrak hasiz, eraikuntza prozesuaren hasiera amaitzen da, eta urrats hori funtsezkoa da Basque Culinary Centerrentzat eta ardoaren eta edarien sektorearentzat".
"Proiektu hau nazioartean prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza gidatzeko asmoarekin sortu da, ezagutza, lurraldea eta enpresa integratuz. EDA, gainera, leku irekia eta dinamikoa izango da biharko erronkei aurrea hartzeko, talentua sustatzeko eta inpaktu ekonomiko, sozial eta kultural positibo bat sortzeko, ikuspegi global eta iraunkor batetik", azaldu du.
ERREFERENTZIAZKO EKIMENA
EDA Drinks & Wine Campus erreferentziazko ekimen gisa finkatu da prestakuntzaren, ekintzailetzaren eta ikerketaren arloetan, lurraldeari estuki lotuta eta, aldi berean, nazioarteko proiekzio argia izanda.
Hala, Gasteizko egoitzak 5.000 metro koadro inguruko azalera izango du, lau laborategi, zortzi tailer, azterketa sentsorialerako bi areto eta bi sukaldaritza tailerrekin. Horrez gain, hainbat edari egiteko instalazio pilotu bat eta izaera esperimentaleko drinks bar bat ere izango ditu.
Obrak 2027ko udazkenean amaitzea aurreikusi da, eta instalazioek 2027-2028ko ikasturtearen hasieran hartuko dituzte lehen ikasleak. Bien bitartean, EDA martxan da dagoeneko, hainbat prestakuntza programa abian baititu eta ekimen berriak garatzen ari baita.