Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Aldaialdeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eraikin berriaren obrak hasi ditu Gasteizko Zabalgana auzoan. Jarduketari esker, ikastetxe publiko integratua osatuko da, eta hezkuntza publikoaren sarea indartuko da Arabako hiriburuan hazkunde betean dagoen eremuan, auzo berean Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara arteko ibilbide osoa eskainiz.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, meraikin berriak DBHko hiru lerro hartuko ditu, 12 talderekin, eta Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren hedapenean kokatzen da; estrategia hori Hezkuntza Sailaren ibilbide orria da, Euskadi hezkuntza azpiegitura moderno, irisgarri eta jasangarriz hornitzeko, egungo metodologia pedagogikoekin eta hezkuntza komunitatearen beharrei erantzunez.

Bigarren Hezkuntzako eraikina Aldaialde HHIko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen ondoan eraikiko da (2024-2025eko ikasturtean inauguratua), eta guztira 14.192 metro koadroko azalera duen hezkuntza eskaintza "koherente eta funtzionala" osatuko du. Bi azpiegiturak ibilbide estali eta irisgarrien bidez lotuko dira, bai barrualdean bai kanpo espazioetan, "ikastetxe integratuaren ideia indartuz eta ikasleen elkarbizitza zein hezkuntza jarraipena erraztuz".

Institutuko obrak aste honetan hasi dira, eta 18 hilabeteko gauzatze epea dute, 11.065.536,74 euroko inbertsioarekin. Proiektuak 4.546,26 metro koadroko eraikin bat aurreikusten du, sotoan, behe solairuan eta goiko bi solairutan banatua, eta irisgarritasun unibertsaleko, ingurumen jasangarritasuneko eta hezkuntza malgutasuneko irizpideak oinarri hartuta diseinatu da.

Institutu berriak hegoaldera orientatutako gelak eta argi naturala duten espazioak, sarrera independentea duen liburutegia, kirol pista estaliarekin konektatutako gimnasioa, eta metodologia aktiboak zein lankidetza lana errazten dituzten erabilera anitzeko espazioak izango ditu.

Era berean, ikastetxearen diseinuak garrantzi berezia emango die kanpo espazioei, "ikaskuntza gelatik harago zabaltzen duen hezkuntza parke urbano gisa ulertuta". Bereziki nabarmentzen da 660 metro koadroko eremu zentrala, harmaile txiki batekin, hezkuntza eta komunitate jardueretarako, baita aire libreko jarduera didaktikoak garatzeko bi kanpo-ikasgela ere, berdegune irisgarriekin eta elkarbizitza sustatzen duten ibilbideekin batera.

Eraikinak, gainera, jasangarritasun irizpide aurreratuak izango ditu: plaka fotovoltaikoen instalazioa, aerotermia sistemak, isolamendu termiko handiko fatxada transaireztatuak, eta zubi termikoaren haustura duten arotzeriak eta emisio baxuko beirak, energia eraginkortasunaren eta ingurumen inpaktua murriztearen helburuekin bat eginez.