Síguenos en redes sociales:

Silvia Casanova Fenollosaren ‘Carnaval inclusivo’ izango da 2026ko Gasteizko Inauteriak iragarriko dituen kartela

Gasteizko Udalak antolatutako jaiak iragartzeko kartel-lehiaketa irabazi duen proposamena da

Silvia Casanova Fenollosaren ‘Carnaval inclusivo’ izango da 2026ko Gasteizko Inauteriak iragarriko dituen kartelaUtzitakoa

Silvia Casanova Fenollosaren ‘Carnaval inclusivo’ kartelak irabazi du aurtengo Inauteriak iragartzeko kartel-lehiaketa. Jaiak otsailaren 10etik 17ra bitarte ospatuko dira Vitoria-Gasteizen.

“Jaia arlekinez mozorrotuta ageri den garai bateko karteletan oinarritzen da lan irabazlea. Esku handi batek, errebelazioaren argia hurbiltzen dio festa beste zentzumen batzuetatik jasotzen duenari. Itxurakeriatik haratago ikusteko gonbidapena da, begirada bakoitzak Inauteriaren oinarri eraldatzailearekin bat egingo duen ospakizunarekin bat egiteko gonbidapena”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak kartelaren aurkezpenean.

Kartel-lehiaketa

39 egilek aurkeztu zuten lehiaketan parte hartzeko txostena. Lehen fasean, Arabako diseinu arloko bost profesionalek osatutako epaimahaiak 5 finalista hautatu zituen. Haiek izan ziren kartela egin behar zutenak eta bakoitzak 500 € jaso zituen. Bigarren fasean, 5 proposamenen artean Silvia Casanova Fenollosaren kartela aukeratu zen, eta 2.000 € jaso ditu.

Epaimahaia Komunikazioko udal-teknikari batek, DIGA Elkarteak (Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkartea), eta ikastetxe hauek osatu dute: IDarte, Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi Eskola, Ekialdea BHI (Arte Batxilergoa) eta Arte eta Lanbide Eskola.

Silvia Casanova Fenollosa

‘Carnaval inclusivo’ lanaren egilea Castellóko Silvia Casanova Fenollosa da. Diseinu grafikoan trebatu zen Castellóko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan, eta 25 urte baino gehiagoko esperientzia du. Ilustrazioan espezializatu da, eta diziplina hori beti egon izan da presente bere komunikazio-proiektuetan. Gaur egun, espezializazio horrek protagonismoa hartu du, ilustrazioaren bidez elkarrizketa-bidea irekitzea helburua duen estilo propioa sortzeko aukera emanez, kontzientziak mugituz, hunkituz eta iritzia sortuz.

2004an sortutako Juárez Casanova diseinu grafikoko eta ilustrazioko estudioko kidea da. Valentziako Generalitaterako eta Valentziako Udalak antolatutako Falla jaietarako kanpainak egin ditu, baita Valentziako Kultura Institutuarentzat eta Madrilgo Udalarentzat beste hainbat kanpaina ere. Líber-en, 2022ko Liburuaren Azokaren, irudiaren sortzailea da eta 2022an eta 2023an Kataluniako Generalitataren Diadan finalistak izan zen. Gainera, hainbat komunikabidetan eta aldizkari entzutetsutan egiten ditu kolaborazioak: El País, DiariAra, eldiario.es, Archiletras, Telefónica Fundazioaren Telos. Baita Boston Globe bezalako nazioarteko hedabideekin ere.