Gasteiz eta Araba Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur) izango dira, pertsona guztiei hiri eta lurralde autentikoen lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen dien turismogune jasangarri eta irisgarri gisa duten posizionamendua indartzeko helburuarekin. Udalak bere sustapen-kanpainaren ardatz berri bat aurkeztuko du, ‘I Love Turismo Irisgarria’ lelopean, eta Foru Aldundiak‘ soft’ turismo-proposamena aurkeztuko du, ohiko zirkuituetatik urrun dauden txokoak ezagutzeko.

Gainera; bi erakundeek Fiturren (urtarrilaren 22tik 26ra bitarte) ezagutaraziko dituzte hiriko eta lurraldeko enbaxadore turistiko berriak.

Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, María Nanclaresek, eta lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatuak, Cristina Gonzálezek, gaur aurkeztu dituzte prentsaurreko bidez Arabak eta Gasteizek Fiturrera eramango duten eskaintzaren ildo nagusiak. Fiturrek aurten 46. edizioa beteko du eta 150 herrialde baino gehiagotako turismoguneak, 10.000 enpresa eta 800 erakusketari baino gehiago bilduko dira.

Nanclaresek eta Gonzálezek Gasteiz eta Araba “natura zoragarria, ondare historiko hunkigarria, lehen mailako enogastronomia eta jaialdi eta ekitaldien egitarau oparoan oinarrituta dagoen eta bidaiari mota guztientzako kalitatezko eskaintza jasotzen duen turismogune gisa“ indartzeko garaian turismo-sustapeneko estrategia modu eraginkorrean garatu ahal izateko erakunde arteko koordinazioak duen “garrantzia” azpimarratu nahi izan dute.

Horrela, eta baterako lan-esparru horretan, Fitur azokan “Araba eta Gasteiz turismogune jasangarri, atsegin eta pertsona guztientzako irisgarri gisa sendotzeko” proiektuak aurkeztuko dituztela iragarri dute, “haien gaitasunak edozein izanda ere, eta, horrela, beste turismogune ezagunago eta masifikatuago batzuekin alderatuta, gure lehia-abantaila indartzeko”.

Gasteizko Udalak bere sustapen-kanpainaren ardatz berri bat aurkeztuko du, ‘I Love Turismo Irisgarria’ lelopean. “Ildo berri honen bidez, gure turismo-eskaintza modu argiagoan eta zuzenagoan helarazi nahi diegu desgaitasuna duten pertsonei eta adinekoei. Baina baita gizarte osoari ere, hiria pertsona guztientzako turismoaren erreferente gisa kokatzeko”, adierazi du Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek. “Kanpaina hau elkarteen, desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen laguntzarekin egin dugu, banaka, Gasteizen turismoak inor atzean uzten ez duen ideia azpimarratzeko”, gaineratu du.

Kanpainak sustapen-bideo bat eta hainbat kreatibitate ditu, komunikabideetan eta webguneetan eta hiriko publizitate-euskarrietan txertatu ahal izateko.