Gasteizko Udala astelehen honetan, urtarrilaren 12an, hasiko da hiria Gamarra Nagusia kontzejuarekin lotuko duen eta Arabako Parke Teknologikora iritsiko den etorkizuneko bizikletetarako azpiegiturarekin lotuta geratuko den bidegorri berriko lanak egiten. Hiriko iparraldeko sarbidean mugikortasun jasangarria indartzeko jarduera estrategikoa da, eta 1,2 milioi euroko inbertsioa eta 12 hilabeteko egikaritze-epea izango ditu.

Lanak Gamarra Nagusiko herrigunean bertan eta kontzejua Arakako basearekin eta N-240 errepidearekin lotzen duen bidean hasiko dira. Lehen fase honetan, seinaleztapeneko eta argiztapena hobetzeko jarduerak egingo dira batez ere, kontzejuraino bizikleta-ibilbide jarraitua, segurua eta homogeneoa lehenbailehen bermatzeko.

Plangintza horri esker, Arabako Foru Aldundiak Teknologia Parkerako bizikleta-bidearen zatia hasten duenean, Gamarra Nagusiak lotura erabat operatiboa eta koherentea izango du Gasteiztik.

Bigarren fasean, jarduketa konplexuenei helduko zaie, hala nola Zadorra ibaiaren gaineko zubian eta Zadorra hiribideko biribilgunean egin beharrekoei. Lan horiek Trafiko sailarekin koordinatuko dira, ordezko ibilbideak zehazteko eta zirkulazioari ahalik eta kalte gutxien eragiteko, batez ere zubiaren inguruan, errei bat okupatu beharko baita. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, “bizikletaz eta oinez mugitzen direnen segurtasuna hobetuko duen eta hiriaren eta Gamarra Nagusiaren arteko lotura indartuko duen lanari ekitera goaz”.

Artolazabalek azpimarratu duenez, “kontzejutik bertatik hasi nahi izan dugu, lehenbailehen tarte jarraitua eta ondo seinaleztatua ziurtatzeko, Parke Teknologikora iritsiko den etorkizuneko bidegorriarekiko lotura hasiera-hasieratik eraginkorra izan dadin. Mugikortasun jasangarria, bide-segurtasuna eta espazio publikoaren hobekuntza uztartzen dituen jarduketa da, eta Gasteizera iristeko sarrera nagusietako bat eraldatzen jarraitzeko aukera ematen digu”, amaitu du.