Osalanek 577.000 eurotik gora banatuko ditu 2026an laneko arriskuak prebenitzeko jardueretarako laguntzetan
Deialdiaren helburu nagusia da lan ingurunean segurtasuna eta osasuna hobetzen lagunduko duten sektoreen eta sektorearteko ekintzak sustatzea
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2026an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) laneko arriskuen prebentzioaren inguruko jarduerak egiteko diru laguntzen deialdia onartu du, eta guztira 577.000 eurotik gora banatuko ditu. Laguntzak langileei eta enpresei daude zuzenduta, eta, bereziki, enpresa txikiei, hau da, 50 langile baino gutxiago dituztenei.
Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutene, deialdiaren helburu nagusia da lan ingurunean segurtasuna eta osasuna hobetzen lagunduko duten sektoreen eta sektorearteko ekintzak sustatzea. Horrela, diruz lagunduko dira langileen eta enpresaburuen arteko prestakuntza, informazio eta sustapen ekintzak, bai eta laguntza teknikokoak ere, prebentzio jardueren aplikazio praktikoaren eta materialaren ondoriozko arazoak aztertzeko eta konpontzeko.
Laguntzak jaso ahal izateko eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaeren ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko da, eta epe horretan berariazko erantzunik jasotzen ez dutenak ezetsitzat joko dira.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, beste gai desberdin batzuekin jarraituz, Donostiako Udalak eusteko urmael banaren eraikuntza amaitu du Miramongo basoan dauden Pakea eta Altzaerreka erreketan. Obraren aurrekontua 821.800,57 eurokoa izan da, BEZ barne, eta aurreikusitakoa baino egikaritze epe laburragoa izan du, bost hilabetetik hirura pasatuz. Hiriko drainatze sistema naturalaren funtsezko guneak dira, eta esku hartzearen helburuak izan dira Amara auzoaren uholde arriskua murriztea eta Urumea ibaira isurtzen den uraren kalitatea hobetzea.
Girder Ingenieros enpresak idatzi zuen proiektua, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak eskatuta, eta 'Ibai-ekosistemak lehengoratzeko eta hiri-inguruneetan uholde-arriskua murrizteko jarduketak' estrategiaren parte da. Estrategia hori 2022an hautatu zen, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen barruan, NextGeneration EU Europako funtsekin finantzatuta.