Gasteizko Udalak 470.000 euro erabiliko ditu osasun sentsibilizazio, prebentzio eta sustapen proiektuen laguntzetan
Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak gaixotasunen prebentzioko eta sentsibilizazioko, osasuna sustatzeko eta gaitz kronikoak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko proiektuetarako diru laguntzen deialdiaren oinarriak onartu ditu ostiral honetan, eta Osasun Publikoaren Zerbitzuak 470.000 euro esleituko ditu, hau da, iaz baino 27.898 euro gehiago.
Ana Lopez de Uralde Osasun zinegotziak adierazi duenez "diru laguntzen deialdi honen bidez, Osasun Publikoaren Udal Zerbitzutik, alderdi soziosanitarioko irabazi asmorik gabeko elkarteek, fundazioek eta erakunde pribatuek gasteiztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz egiten duten lana babestu nahi dugu".
"Gainera, deialdia aurreratzeak aukera emango die erakundeei erabilgarri izango dituzten baliabide ekonomikoak aurrez ezagutzeko eta proiektuak hobeto planifikatzeko", gaineratu du.
Laguntza lerroak bi programa ditu. Batek izaera sanitarioa du, 446.500 euroko ekarpenarekin, eta patologia kronikoak edo gaitz arraroak dituzten pertsonei arreta eta errehabilitazioa ematera, kaltetutako familientzako zerbitzuak eskaintzera eta herritarrak oro har edo kolektibo espezifikoak gaixotasun kronikoen inguruan sentsibilizatzera edo informazioa zabaltzera bideratuta dago.
Bigarren laguntza lerroaren helburua, berriz, hiriko ikastetxeetan osasuna sustatzea da, eta 23.500 euroko diru zuzkidura izango du.
Lehenengo ildoaren baitan, gaixotasunei buruzko aholkularitza eta informazioa emateko jarduerak, laguntza psikologikoa, terapia okupazionala, autolaguntza taldeak, osasuna sustatzeari buruzko publizitate kanpainak, arreta podolologikoa, gaixoen eta haien familien bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten tailerrak, eta errehabilitazio logopedikoa, kognitiboa eta fisioterapeutikoa lagunduko dira, besteak beste.
Bigarren lerroak, aldiz, ikastetxeetan gaixotasunekin lotutako sentsibilizazioko eta prebentzioko proiektuak garatzeko, osasuna sustatzeko eta gaixotasunarekin lotutako estigma soziala gutxitzen lagunduko duten proiektuetarako laguntza ekonomikoa eskainiko du.
Erakunde interesdunek lerro batera edo bietara aurkezteko aukera izango dute. Lehenengo lerroaren baitan jaso daitekeen gehieneko diru laguntza 47.000 eurokoa da, eta bigarrenarena, aldiz, 10.000 eurokoa.