Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udaltzaingoak segurtasun operatibo zabala aktibatuko du Gabonetan

"Dispositibo honi esker, prebentzioa indartu ahal izango dugu, egon daitezkeen arriskuei aurrea hartu eta eraginkortasun handiagoz jardun ahal izango dugu gehien behar den lekuetan", gaineratu du

Gasteizko Udaltzaingoak segurtasun operatibo zabala aktibatuko du GabonetanUtzitakoa

Gasteizko Udaltzaingoak operatibo zabala jarriko du martxan Gabonetan segurtasuna indartzeko asmoz, jende asko biltzen den eta jarduera sozial handia duen garaia delako. Agenteak hiriko hainbat eremutan egongo dira, eta arreta berezia eskainiko diete kolektibo kalteberei, hala nola gaueko aisialdian edo adinekoak ibiltzen diren guneetan.

Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzi Cesar Fernandez de Landak adierazi duenez, "segurtasuna funtsezkoa da gure bizi kalitatean, eta, hain egun seinalatuetan, ahaleginak areagotu behar ditugu pertsona zaurgarrienak babesteko eta bizikidetza gorabeherarik gabe garatzen dela bermatzeko".

"Dispositibo honi esker, prebentzioa indartu ahal izango dugu, egon daitezkeen arriskuei aurrea hartu eta eraginkortasun handiagoz jardun ahal izango dugu gehien behar den lekuetan", gaineratu du.

Horrela, ahalegin bateratua egingo da segurtasu operatiboan gertaeren aurrean prebentziorako eta berehalako erantzuna emateko. Indarkeriaz egindako lapurreta delituen aurrean jardutea eta gune estrategikoak berariaz zaintzea izango dira herritarren segurtasunarekin lotutako lehentasunetako bi.

Ertzaintzarekiko koordinazioari esker, polizia toki zaurgarrienetan egongo da, eta, batez ere, pertsonen edo ondarearen aurkako delituak egin ditzaketen talde edo pertsonak identifikatu ahal izango dira. Jende gehien biltzen den ordutegietan patruilatuko da bereziki, eta arreta osagarria jarriko da ostegunetik larunbatera bitarte, gaueko tartean.

Segurtasuna Indartzeko Planean ezarri zen bezala, prebentziozko patruilatze fokalizatuek aurrera jarraituko dute delitu intzidentzia handiena duten eremuetan. BIZAN eta LAR zentroetan ere zaintza espezifikoa mantenduko da jarduerak amaitzen diren ordutegietan.

Gaueko ordutegian, babes lana hainbat alderditara bideratuko da, hala nola etxera itzultzeko ibilbideetara (sexu erasoak, erasoak edo lapurretak prebenitzeko) edo diskoteken eta aisialdiko lokalen inguruko prebentzio kontrolera (edukieretan, ixteko orduetan edo legez kanpoko kontsumoekin lotutako arau hausteetan jarriko da arreta, besteak beste).