Síguenos en redes sociales:

Izotz pista eta txirrista izango dira aurten ere Gabonetan Gasteizko Florida parkean

Abenduaren 1ean hasiko dira karpa muntatzeko lanak

Izotz pista eta txirrista izango dira aurten ere Gabonetan Gasteizko Florida parkeanUtzitakoa

Gasteizko Florida parkea Gabonetako agertoki nagusietako bat izango da aurten ere, izotz pista eta txirrista izango baitira bertan. Tokiko gobernu batzordeak astearte honetan egin duen ezohiko bileran esleitu dio instalazioa jartzeko kontratua Aiteko Management enpresari, 26.000 euroan.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, abenduaren 1ean hasiko dira karpa muntatzeko lanak. Txirristaren eta izotz pistaren egiturak prest egongo dira aste horren amaierarako, eta abenduaren 7an hasiko dira izotza sortzen, enpresa esleipendunaren aurreikuspenen arabera. Inaugurazio ekitaldia abenduaren 12an izango da, 18:00etan.

Aurreko Gabonetan bezala, patinatzeko helduentzako zein haurrentzako eremuak izango dira, txirristarekin batera. Izotz pista nagusiak Floridako kioskoa inguratuko du eta 700 metro koadro inguruko azalera izango du; txikienek beren gunea izango dute patinatzeko eta bertan taka-taka modukoak erabili ahal izango dituzte.

Txirristari dagokionez, 30 metroko luzerako kaleak izango ditu eta helduek eta txikiek zortzi metroko altueratik irrist eginez jaisteko aukera izango dute.

Izotz pistak eta txirristak 55.014 erabilera izan zituzten aurreko Gabonetan 24 egunetan; %62,6k txirrista aukeratu zuen, eta gainerako %37,3ak izotz-pista (20.569)

Eremua urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik 10:30etik 14:30era eta 16:00etatik 22:00etara, abenduaren 24an eta 31n izan ezik, egun horietan 20:00etan itxiko baita. Gaueko saioak eta musika animazioa izango dira DJ baten eskutik abenduaren 20an eta 27an eta urtarrilaren 3an; hiru egun horietan beste bi orduz egongo da pista irekita, 00:00ak arte.

PREZIOA

Patinatzeko eta txirristatik behera jaisteko aldez aurretik sarrera erosi beharko da leihatilan, pistan bertan edo Internet bidez, %10eko deskontuarekin. Izotz pistaren prezioa 5,70 eurokoa da 16 urtetik gorakoentzat, eta 3,55 eurokoa txikiagoentzat; txirristari dagokionez, izoztutako kaletik jaisteak 1,25 euro balioko du.

Izotz pistak eta txirristak 55.014 erabilera izan zituzten aurreko Gabonetan 24 egunetan; %62,6k txirrista aukeratu zuen, eta gainerako %37,3ak izotz-pista (20.569).