Gasteizko Udalak 105.721 aurreinskripzio jaso ditu ikasturte berrian gizarte etxeetan, udal kirol instalazioetan eta BIZAN zentroetan egingo diren jardueretarako, 2019ko errekorretik oso gertu, 20 gutxiago izan baitira. Zozketan 30.300 plaza esleitu dira.
Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak adierazi duenez, "oso pozgarria da antolatzen ditugun jarduerek interes handia piztu dutela ikustea, 2019ko errekor historikoa ia berdindu baitugu, 105.721 aurreinskripziorekin".
"Pandemia aurreko zifretara itzuli gara, eta hori zoriontzeko arrazoia da jarduerak planifikatzen ditugunontzat eta horietan parte hartu nahi dutenentzat", gaineratu du.
Bada, goiz honetan San Martingo udal bulegoetan egindako zozketaren bidez, sartzen ziren 33.922 plazetatik 30.300 esleitu dira, hau da, guztizkoaren %87,52. Lehenengo fasean 22.376 pertsonak lortu dute plaza (izena emandakoen %75,37k). Gainera, eskatzaileen kopuruak igotzen jarraitu du aurten eta 29.689 izan dira; gehienek udal webgunearen bidez egin dute eskaera (%72,36).
Eskaera gerhien jaso dituzten jardueren artean daude pilates hastapenak (4.117), mantentze gimnasia (3.332), GAP (3.303), ingurune urtarrarekin ohitzea (3.034), haurrentzako igeriketa (2.806), adinekoentzako aquagim (2.611), sasoia (2.375), zeramika (2.339), yoga (2.320) eta helduentzako aquagim (2.284).
Zozketan esleitutako plazak formalizatzeko azken eguna irailaren 10a izango da. Libre geratzen diren plazei dagokienez, irailaren 12tik aurrera kontsultatu ahal izango dira eta horietan izena emateko epea jardueraren araberakoa izango da. Kirol jardueren kasuan, epea irailaren 16ko 08:30ean zabalduko da, eta gainerako jardueretan, aldiz, irailaren 18ko 08:30ean.
Gasteizko Udalaren webgunearen bidez, 010 telefonora deituta edota gizarte etxeetan aurrez aurre egin ahal izango da tramitazioa.