Plaza Berria gainezka izan da gaur 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia entzuteko. Pregoia Roberto Ugarte musikari eta Euskadiko Orkestrako egungo zuzendari nagusiak eskaini du.
Ohitura denez, hitzaldia eskaini aurretik, udaletxean harrera egin diote musikari gasteiztarrari Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak eta Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak. Bertan, zorion-agurrak jaso ditu aurten gasteiztarrei jaiaz gozatzeko deia egitearen arduraduna izango delako eta, gainera, rol garrantzitsu hori bere gain hartu izanagatik eskerrak eman dizkiote.
Ugarteren pregoiak musikari omenaldia egin dio, eta, hain zuzen ere, musikarekin batera aritu da. Hala, Gasteizko kantutegiko doinu tipikoen laguntzarekin bere hitzak gidatzen joan den pianoa izan du alboan. Alfredo Donnayren ‘Del solar alavés’ abestiaren bertsioarekin hasi da musikaria. Honela dio: “Gasteizek bere lautadan amets egiteko paraje ederrak, herri alaiak, mendiak eta haranak, eta parekorik gabeko jaiak eta musikak ditu”. Hain zuzen ere, egilearentzat, horixe bera da pregoi osoaren gakoa: “Gasteiz musika da, gure jaiak musika dira”. Izan ere, musika denean dago presente: dianetan, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kalejiretan, Udal Musika Bandaren kontzertuetan, Aihotz plazako folklorean, Blusa eta Nesken kuadrillen musikan, Foruen plazako kontzertuetan, dantzaldietan… “Guztien erdigunean dago musika; goizeko lehen ordutik hasi eta sei egunez etenik gabeko musikaz betetako orduak dira”, azaldu du.