Gasteizko Animaliak Babesteko Zentroak Bularreko kume bati lagundu izeneko aldi baterako harrera programa jarri du martxan, katakume eta txakurkume umezurtzak etxean aldi baterako hartzeko prest dauden herritar orori zuzenduta.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, aste gutxi batzuk baino ez dituzten bularreko kumeak dira, zentrora amengandik banandu ondoren iritsi eta beren kabuz moldatu ezin direnak. Biberoiarekin elikatu behar dira 3-4 orduan behin, eta digestio aparatuaren estimulazioa, giza kontaktua eta garapen fisiko eta emozionala erraztuko dien ingurune beroa behar dituzte.

Programarekin bat egiten duten pertsonek eta familiek beharrezko material guztia jasoko dute (eramailea, formula esnea, biberoia eta tetinak), baita zainketa gida eta Animaliak Babesteko Zentroko langileek eskainitako jarraipena.

Harrera denbora bi eta bost aste artekoa izan ohi da, kumeek elikadura solidorako trantsizioa egiten duten eta behin betiko adopzio prozesuan sar daitezkeen arte.

"Ekimen honek aukera paregabea eskaintzen du animaliak babesteko lanean inplikatzeko eta familian esperientzia eraldatzailea bizitzeko. Haurrak animaliekiko errespetuan sentsibilizatzea ere programaren funtsezko helburuetako bat da", azaldu du Ana Lopez de Uralde Osasun zinegotziak.

Interesa dutenek eta harrera sare solidarioan parte hartu nahi dutenek Internet bidez edo 010 telefonora deituta egin dezakete. "Haien inplikazioak bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea ezar dezake kume horientzat", ziurtatu du Lopez de Uraldek.