Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Artelekun zehar. 1987-2002. Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat antolatu du 2026ko urtarrilaren 11ra arte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik 1987abn Donostiako Loiola auzoan ireki zen Arteleku Arte eta Kultura Garaikideko Zentroari buruzko erakusketa, hain zuzen ere.

Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko jardun artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskaini zaizkien erakusketen hirugarrena eta azkena da Artelekuri buruzkoa, eta zentroaren aurreneko 15 urteetan zentratzen da.

Arteleku Arte eta Kultura Garaikideko Zentroak 1987an ireki zituen ateak Donostiako Loiola auzoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Santiago Erasoren zuzendaritzapean, arte garaikidearen beharrak betetzea izan zuen helburu nagusi, eta orientazio bat eta egiteko modu batzuk zehaztu zituen berehala, esperimentazio eta ekoizpen artistikotik abiatuta eta pedagogia eta ezagutzen transmisioa ardatz nagusitzat hartuta.

Euskal Herriko jardun artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskaini zaizkien erakusketen hirugarrena eta azkena da Artelekuri buruzkoa, eta zentroaren aurreneko 15 urteetan zentratzen da

Artelekuk jarduera ugari antolatu zituen, batez ere tailerrak, mintegiak eta erakusketak, eta 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan erreferentzia bat izan zen sorkuntza artistikoaren eremuan.

BESTE DATU BATZUK

Artiumeko erakusketaren ardatz nagusia Artelekuren artxiboa da, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan gordeta dagoena. Erakusketa osatzeko, Artiumen eta Gordailuaren beraren funtsen aukeraketa bat egin da. Gainera, dokumentu multzo garrantzitsua du, besteak beste, Isabel Azkarateren eta Ricardo Iriarteren artxiboak.

Proiektuaren esparruan hainbat elkarrizketa egin dira Artelekurekin lotura izan duten pertsonekin, hala nola Fernando Golvano, Izaskun Irizar, Gabriel Villota, Iñaki Imaz, Ion Munduate, Blanca Calvo, Manu Muniategiandikoetxea, Miguel Angel Gaüeca, Estibaliz Sadaba, Antoni Muntadas eta Alicia Chillidarekin.

Erakusketaren komisarioak Mikel Onandia, Sergio Rubira, Leire Vergara eta Beatriz Herraez izan dira, eta Elena Roserasen laguntza izan dute artxiboaren atalean eta Arantza Santestebanena ikus-entzunezko dokumentazioaren atalean. Museoko A3 aretoan egongo da ikusgai 2026ko urtarrilaren 11ra arte.