Gasteizko Udaleko gobernu bilerak 2025ean ekitaldiak eta biltzarrak antolatzeko, hiria kanpoan sustatzeko eta turismo produktu eta esperientzia berriak sortu eta sustatzeko diru laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onartu ditu ostiral honetan, 130.000 euroko zuzkidurarekin.

Deialdiaren aurrekontu saileko 60.000 euro biltzarrak antolatzen laguntzeko izango dira, 50.000 euro ekitaldietarako eta 20.000 euro turismo produktuetarako. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten diren proiektuak jaso ahal izango dituzte diru laguntzak.

Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak adierazi duenez, "laguntza horien bidez Gasteiz sustatu nahi dugu biltzarrak egiteko hiri eta jomuga turistiko jasangarri gisa".

"Horretarako, hiriko jarduera ekonomikoaren onerako diren proiektuak bultzatuko ditugu, turismo eskaintza eta jarduera ekonomikoarekiko lotura indartuko ditugu, hiria kanpoan proiektatzen duten jardueren eskaintza indartuko dugu eta lankidetza publiko-pribatua sustatuko dugu", zehaztu du.

Diru laguntza jaso ahalko dute Gasteizen egiten diren biltzar, jardunaldi, mintegi edo sinposioen antolatzaileek, besteak beste

Era berean, nabarmendu du "are gehiago" sustatuko dituztela "nazioko eta nazioarteko jatorriko pertsonen parte hartze handia duten, hirian igaro beharreko gau kopuru handia sortzen duten eta turismo jarduera txikiagoko egunetan egiten diren proiektuak".

DIRU-LAGUNTZAK

Diru laguntza jaso ahalko dute Gasteizen egiten diren biltzar, jardunaldi, mintegi edo sinposioen antolatzaileek, bai eta, beren originaltasunarengatik eta ezaugarriengatik, hirira beste eskualde edo herrialde batzuetako bisitariak erakartzen dituzten eta kanpoan eragin handia duten ekitaldiak egiten dituztenek ere.

Kirol edo kultur jarduerak ere izan daitezke, baldin eta Gasteizen kanpoko proiekzio handia badakarte, kanpoko jendearen parte hartze handia badute eta hirian gau asko igarotzea sortzen badute.

Era berean, diru laguntzek turismo produktu eta esperientzia berrien sorrera finantzatzeko ere balioko dute, bai eta horiek sustatzeko, merkaturatzeko, hedatzeko, komunikatzeko eta jendea erakartzeko ekintzak finantzatzeko ere.