Azken urteetan gizartean hainbat aldaketa egon dira eta honek informazioa jasotzeko edo aholkularitza eskatzeko bideak aldatu ditu. Era berean gero eta gazte gehiagok euren burua transexualtzat jotzen dute eta errealitate honek ez dauka orain dela 10 urte zegoenarekin zerikusirik. Hau guztia ikusita, Berdinduko langileek eta Eusko Jaurlaritzako Aniztasun Zuzendaritzak elkarrekin egindako gogoeta bat baliatuta Berdindu zerbitzurako martxan jarriko den biziberritze prozesu bat diseinatu da:

- Berdinduren ikusgarritasuna leku gehiagotara eta pertsona gehiagorengana heltzeko bideo berriak sortu dira.

- Bilbo, Donostia eta Gasteizko bulegoen irudia berritu eta bulegoak espazio seguru bihurtu dira. Aholkuak eta arreta eskaintzetik harago hemendik aurrera bulego hauek LGTBI kolektiboko elkarteek zein taldeek elkartzeko gune bezala erabili ahalko dituzte.

- Berdindu zerbitzua herri txikietara eta landa eremura gerturatzeko apostu zehatza egingo da.

- Berdindu Eskola aurrerantzean Berdin Formakuntza izango da eta hezkuntza zentroetan ez ezik formazioa enpresa pribatuei edo Eusko Jaurlaritzako sailetako langileei ere emango zaie. ZUZENEAN zerbitzukoek dagoeneko jaso dute.

Datuak

Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria sailaren menpe dagoen Berdindu zerbitzuak iaz 590 kontsulta jaso zituen, %56 norbanako edo familienak eta %44 erakundeenak izanik. Norbanakoei dagokienez Berdindura lehen aldiz joan direnei erreparatuta gehienak emakumeak izan dira (emakume zisexualak %28 eta emakume transexualak %22). Gizonen kasuan gizon zisexualak %19 eta gizon transexualak %11 izan dira. Bestelako generoen multzoak (ez-bitarrak, trans ez-bitarrak, queer-ak…) kasu guztien %6 suposatu du.

Familiak ere Berdindu zerbitzura jo duten kolektibo bat dira. Izan ere familiak zerbitzuaren hartzaile izan dira kasuen %17an. Eskaera gehienak amek egin dituzte eta kontsultak euren seme-alaben identitate edo genero portaera ez normatiboei lotuta egon dira.

Egoerak eragindako zalantza eta antsietateen aurrean aholkularitza-eskaerak izan dira. Erakundeei dagokienez ikastetxeak Berdindu bulegoekin harremanetan jartzen dira prestakuntza-tailerrak eta kasu zehatzei buruzko aholkularitzako eskatzeko, gehien bat sexu eta genero identitateei lotuta.

Esan beharra dago Euskadin iazko apirilean onartutako 4/2024 Legeak (Pertsona Transak Genero-Identitateagatik Ez Baztertzeari eta Haien Eskubideak Aitortzeari buruzko Legea), eskola eremuko trans errealitateei arreta emateko protokoloari buruzko kontsulta-eskaera asko sortu dituela, nagusiki ikastetxeen aldetik.

Bestalde GKEak, Gizarte Zerbitzuak, Espetxeak, Berritzeguneak, Aldundiak edo udalak Berdindu zerbitzuaren eskatzaileen artean daude. Kasu hauetan eskaerak batez ere sexu eta genero identitateekin eta eremu juridikoarekin lotuta egon ohi dira: dokumentazio aldaketak, protokoloak, espazio publikoetako aldagelen eta komunen kudeaketa, tutoretzapeko trans adingabeak, trans emakumeei eragindako genero indarkeria…

Kontsulta motak

Sexu eta genero-identitateagatiko (%29) kontsultak kategoria nagusia izan da. Gehien bat trans identitatearekin edo esperientziarekin zerikusia duen auziei lotutako kontsultak izan dira. Hainbat arreta jaso dira gatazka pertsonalak edo norberaren identitateari buruzko zalantzak dauzkaten erabiltzaileen aldetik.

Arrazoi juridikoena (%23) kontsulten beste multzo garrantzitsu bat izan da. Kasu honetan batetik izena/sexua zuzentzeko dauden aukerei buruzko informazioa eskatu da. Bestetik jatorrizko herrialdetatik ihes egindako pertsonen eskaerei erantzun zaie. Istorio dramatikoak dituzten pertsonak dira eta Berdindun laguntza emozionaletik harago asilo-eskaera indartzeko laguntza-txostenak helarazi zaizkie.

Beste kontsulta moten artean hezkuntza sistematik etorritakoak (%18), gizarte sentsibilizazioa eskatu dutenak (%10), LGTBIfobiarekin zerikusia dutenak (%5) edo orientazio sexualarekin (%5) zein sexu-osasunarekin (%5) lotura dutenak egongo lirateke. Sexu-osasuna oinarri izan duten kontsulta gehienak trans pertsonen osasun-prozesuei buruzkoa izan dira, bai trans emakumeek bai gizonek egindakoak, baita gurasoek egindakoak ere, batez ere sexua berresleitzeko prozesuari buruzko informazioa eta prozesuaren bizipenari buruzko kontsultak eginez.