Instalazio agrovoltaiko esperimental berritzaile batek landa lurzoruko nekazaritza ustiategi bat eta energia ekoizpen berriztagarria bateragarriak diren aztertuko du Neiker zentro teknologikoaren egoitzan, Arkautin (Araba).

Besteak beste, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eta Olatz Unamunzaga Neiker zentroko zuzendari nagusiak aurkeztu dute 8.000 metro koadroko instalazioa ostegun honetan. Belarki laboreen Espainiako Estatuko unitate esperimental handiena izango dela iragarri dute.

Instalazio agrovoltaikoak aukera emango du baldintza errealetan aztertzeko ea eguzki energiaren ekoizpena eta nekazaritza-ekoizpena bateragarriak diren, landa lurzoruaren ekoizpen bokazioa arriskuan jarri gabe.

Guztira, 212 modulu fotovoltaiko instalatu dira, eta urtean 163.914 kWh sortuko dituzte, 50 etxebizitzaren batez besteko kontsumo elektrikoaren baliokidea. Sortutako energia guztia Arkautiko campuseko autokontsumorako erabiliko da, eta horrekin nabarmen murriztuko da sareko elektrizitatearen kontsumoa.

Modu honetan, alde batetik, instalazioak energia eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten lagunduko du eta, bestetik, zentroaren eraginkortasuna eta autonahikotasuna hobetuko ditu.

Amaia Barredok nabarmendu duenez, "instalazio honek trantsizio energetikoan aurrera egiteko aukera emango dio Euskadiri, nekazaritza jarduera, landa lurzoruaren erabileraren ardatz nagusia, arriskuan jarri gabe. Eguzki energiak landaren ekoizpen ahalmena osatu behar du, ez ordezkatu".

Instalazio agrovoltaikoan lur azalera bera erabiltzen da nekazaritza jardueretarako eta eguzki energiaren bidez elektrizitatea sortzeko. Soluzio berritzaile horrekin sektorearen erronka nagusiei erantzun nahi zaie, hala nola nekazaritza klima aldaketara egokitzeari, landako sarreren dibertsifikazioari edo lurraldearen erabilera eraginkorrari.

Azaleraren erdia, hau da, 4.000 metro koadro, egitura agrovoltaikoan instalatuko da (nekazaritza ekoizpena eta eguzki panelen instalazioa), eta beste erdia nekazaritza erabilera esklusiboko kontrol eremu gisa mantenduko da. Diseinu horri esker, zehaztasunez aztertu eta alderatu ahal izango dira bi eremuetako nekazaritza ekoizpenaren errendimenduaren arteko aldeak.

"Instalazioak estrategikoki posizionatzen gaitu nekazaritza sektoreari benetako soluzioak eta bere baldintzetara egokitutakoak eman ahal izango dizkion ezagutza tekniko zorrotza eta kontrastatua sortzeko. Helburua da aztertzea ea energia sortzea bateragarria izan daitekeen elikagaiak ekoiztearekin; bateragarria bada, irtenbide oso ona izan liteke gure sektorearentzat", adierazi du Olatz Unamunzagak.

EUROPAR PROIEKTUA

Gainera, azpiegitura berria Neiker buru duen AgriPower proiektu europarra garatzeko plataforma izango da. Egitasmoaren helburua da nekazaritzako produktibitateari eusten dioten eta aldi berean energia errendimendua optimizatuko duten sistema agrovoltaiko adimendunak probatzea.

Horretarako, labore belarkara batzuk probatuko dira egitura agrovoltaikoaren azpian, besteak beste, letxuga eta patata, eguzki energia sortzen den aldi berean haien egokitzapena eta jasangarritasuna ebaluatu ahal izateko.

Alde horretatik, aukezpenean izan zen Amaia Ortiz Neiker zentroko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak azpimarratu du garrantzitsua dela datu zientifiko sendoak sortzea, laboreak eta instalazioen diseinuak behar bezala hautatu ahal izateko, nekazaritzaren, energiaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarritasuna bermatuz.

"Sektoreak ebidentzia errealak landako baldintzetan lortutakoak behar ditu ongi oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko. Gainera, datu horiek funtsezkoak izango dira instalazio agrovoltaikoen ezarpen arduratsua erraztuko duten gobernantza eredu eraginkorrak diseinatzeko", adierazi du.

Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko entitateekin lankidetzan garatuko den proiektuak barne hartzen ditu landako saiakuntzak baldintza errealetan, berrikuspen metodologikoa, ekoizleei laguntzeko tresnen garapena eta teknologia agrovoltaikoa Iparraldean modu seguruan eta eraginkorrean sustatzeko politika publikoko gomendioak bilduko dituen txosten bat egitea.

"Teknologia agrovoltaikoa aukera bat da aldi berean hainbat erronkari aurre egiteko: trantsizio energetikoa, klima aldaketara egokitzea, ustiategien jasangarritasun ekonomikoa eta elikagaien ekoizpena eta energia sortzea bateragarri egitea", esan du Neikerreko ikertzaileak.