Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aurrera egin dute Nerbioiko Parke Linealeko bide berdea osatzen duten tarteak eraikitzean Aiarako eskualdean, eta Urduña eta Delika lotzen dituen beste bat gehitu dute.
Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatu Saray Zaratek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko sailburuorde Josu Bilbaok, Amurrioko alkate Txerra Molinuevok eta Delikako Administrazio Batzarreko lehendakariak ibilbide berria egin dute, zeinaren trazadura dagoeneko zerbitzuan baitago jendeak erabili eta goza dezan.
Saray Zaraterentzat "hau beste urrats bat da, eta azken helburutik gertuago gaude, Nerbioiko Parke Linealeko bide berde honek dituen 11 tarteak ikusi ahal izango baititugu. Foru erakundea bultzada handia ematen ari zaio mugikortasun jasangarriari, hau da, bai txirrindulariei, bai oinezkoei".
Josu Bilbaok azpimarratu duenez, "bi helburu ditugu: alde batetik, parke lineala igarotzen den eremua ingurumenaren aldetik itxuraberritzea, eta, bestetik, udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko mugikortasuna eta eskualde konektibitatea bultzatzea, automobilaren ordezko mugikortasuna sustatuz. Aiaraldeko gure konpromisoaren barruan, aukera paregabea da eskualde hori modu jasangarrian konektatzeko".
Trazadura berriaren ondorioz, 1.800 metro lineal egokitu dira Delikatik Urduñako mugaraino, eta pasabide bat ere eraiki da ibilbidea Nerbioi ibaiarekin gurutzatzeko.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide hori topografikoki atsegina den azaleraren gainean igarotzen da gehienbat, jarduketa eremuaren orografia nahiko laua baita eta ibaiaren ibilgua zuzena, duela hamarkada batzuk egindako ubideratzearen ondorioz.