Iberdrolak eta Eroskik beste pauso bat eman dute beren lankidetza hitzarmenean, eta elkarrekin arituko dira supermerkatu kateko saltoki guztietan karbono aztarna gutxitzeko elektrifikazio arloko soluzioak bilatuz.
Hala, Eroskiren supermerkatu eta lantegi guztiek emisioak gutxituko dituzte, eta, askotariko ekintzen bidez, energiari lotutako fakturetan aurreztu ahalko dute. Iturri berriztagarrietatik datorren elektrizitatea da energia aldetik soluziorik eraginkorrena, eta horrela ez du egon beharko erregai fosilen mende, Eroskitik nabarmendu dutenez.
Era berean, Iberdrolak askotariko alternatibak aztertuko ditu, Eroskik energia ikuskaritza baten bitartez gauzatzeko modukoak. Ikuskaritza horrek aholkulari lanak egingo ditu, eraginkortasun arloko proiekturik onenei ekin diezaien kontsumoan eta instalazioetan oinarrituta.
Eroskik bere saltokietan energia eraginkortasuna hobetzeko beteko dituen ekintzek diru aurrezpen gehigarri bat ekarriko diote kooperatibari. Alde horretatik, energia aurrezteko ziurtagirien sistemaren bitartez gauzatuko ditu ekintza horiek (Iberdrolak kudeatu eta izapidetuko ditu ziurtagiriok).
Proiektuak Net Zero Emissions Manager plataformaren bitartez kudeatuko dira
Proiektuak Net Zero Emissions Manager plataformaren bitartez kudeatuko dira. Duela gutxi sorturiko plataforma da, Iberdrolak Balantia osoa erostearen ondorioz, CO2 aztarna zenbatesten du eta ekipoen zerrendak, aktiboen soslaiak eta faktura datuak kudeatzen ditu.
Eduardo Lobato Iberdrolako Iparraldeko ordezkari komertzialaren hitzetan, "hitzarmen horrek Iberdrolaren deskarbonizazio estrategia indartzen du, eta agerian uzten du eragile inplikatu guztiek elkarrekin jardun beharra dutela energia trantsizioaren bidean. Beste behin ere, EROSKI taldea aliatu argia da ingurumenaren eta gizartea hobetzearen alde borrokatzeko bide horretan".
Era berean, Eroskiko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak esan duenez, "2050erako karbono aldetik neutraltasuna erdiesteko, lehenik eta behin, saiatu behar dugu erakundeak kontrolatzen dituen jardueren emisioak ahal den gehiena gutxitzen. Horretarako, gure ekipoen eta prozesuen eraginkortasuna hobetu behar dugu, energia berriztagarrien erabilera handitu eta horniketa iraunkorragoa lortu gure jarduera guztietan, hala nola plataformak, gune logistikoak, saltokiak eta ibilgailuak".