Arabako Foru Aldundiak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF), Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren mendeko sozietate publikoak, 2022ko ekainaren 30ean sinatutako hitzarmena eguneratu eta luzatu dute, Arabako Manzanos herriko trenbide pasagunea kentzeko beharrezkoak diren obrak sustatzeko eta finantzatzeko.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Pedro Marco ADIFeko lehendakariak hitzarmen hori eguneratzeko eta luzatzeko erabakia sinatu dute, A-4342 errepidearen saihesbide berriaren (Manzanos parean) eta oinezkoen pasabide berriaren proiektuak onetsi ondoren, eta dagozkien aurrekontuak ezarri dituzte: 3,9 milioi euro saihesbiderako eta 1,7 milioi euro oinezkoen pasabiderako.

Sinatzeko ekitaldian Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua izan da.

Hitzarmena eguneratzearen ondorioz, Arabako Foru Aldundiak eta ADIFek, hurrenez hurren, 2025. eta 2026. urteetan egingo dituzte saihesbidearen eta oinezkoen pasabidearen obrak, eta bi erakundeek erdi bana finantzatuko dituzte: 2.876.549 euro jarriko ditu bakoitzak. Arabako Foru Aldundiak eta ADIFek, gainera, hitzarmenaren indarraldia 2030eko ekainaren 30era arte luzatu dute, geroago Pobesko trenbide pasagunea kentzeko egin behar diren obrei estaldura emateko.

Eguneratze hori baldintza bat zen Manzanosko saihesbide berriaren obrak hasi ahal izateko

Foru Gobernuak joan den 2024ko azaroaren 26an onetsi zuen saihesbidearen obren lizitazioa, eta Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak aurreikusi du 2025. urte honen erdialdean hastea proiektua gauzatzen. Arabako Manzanos herrian A-4342 errepidea zeharkatzen duen Madril-Hendaia trenbide lineako trenbide pasagunea kendu aurreko urratsa izango da hori. 

Trenbide pasagune horretatik tren ugari pasatzen dira, eta kentzea lehentasuna da Foru Aldundiarentzat eta ADIFentzat, segurtasun arrazoiak direla eta.

Foru Aldundiak aurtengo urtearen erdialdean hasiko ditu saihesbidea egiteko obrak, eta 2026ko erdialdean amaituko ditu; aldi berean egingo du ADIFek oinezkoentzako azpiko pasabidea, egungo trenbide pasagunetik hurbil. Azpiko pasabide hori 35 metro luze izango da, bide nagusiak eta zerbitzu bideak zeharkatu ahal izateko; sarbide arrapala estaliak izango ditu, bat etorriz irisgarritasun araudiarekin, eta argiztatuta egongo da.